Bidasoaldeko Helduen Hezkuntza Zentroan (CEPA-Bidasoaldea HHI) 540 ikasle inguru ariko dira aurten. Horietatik 300 bat, Bigarren Hezkuntza edota 25 urtetik gorakoek unibertsitatera sartzeko Sarbide programan parte hartuko duten bitartean, beste 200 ikasle inguruk, hezkuntza ez arautua egiten dute, izan hizkuntzak izan informatika bezalakoak, besteak beste.
Azken hauekin, hain justu, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak irakasle orduak eta baliabideak murriztea erabaki du aurten. Eta horren ondorioz, zentroak 100 bat ikasle galduko ditu ikasturte honen hasieran. Zuzendaritzak lehentasunak ezarri behar izan ditu, eta Eskola Kontseiluan hartutako erabakiaren arabera, Irunen bertan alternatibak dituzten ikasleen matrikulak izan dira hunkituak. Bereziki ingelesa eta frantseseko ikasleak Hizkuntza Eskola ofizialera bideratu dituztela, eta euskara ikasleen kasuan, aldiz, atzerritarrei lehentasuna eman dietelako. Hortaz, Bidasoaldea HHIeko gainerako euskara ikasleei ez diete matrikula onartu. Hala ere, ikasle hauen kexak idatziz Hezkuntza Sailari helarazteko lagundu egin die CEPAko zuzendaritzak. Baita, esan bezala, aukera posibleak bilatu ere.
Eta auzoan bertan bilatu dute alternatiba. Irungo AEK euskaltegiak Larreaundi-Olaberria auzo elkartean eskaintzen dituen euskara ikastaroetan onartu dituzte ikasle hauetako batzuk. Iker Eizagirre, auzo elkarteko kideak azaldu digunez, «CEPA jarri zen auzo elkartearekin harremanetan, eta ikasle batzuk talde honetara batuko dira, pozik gaude auzoan bertan aukera hori eskaini ahal izateaz», dio beharrak asetzeko sustengatu ahal izatearekin pozik. Iaz zazpi ikasleko taldea osatu zuten auzoan AEKren eskutik.