Terma erromatarrak erdigunean jarriko ditu Oiasso Museoak Europako Ondare Jardunaldietan

Antxeta Irratia 2025ko ira. 29a, 10:31

Ikastetxeetako behar bereziak dituzten ikasleei edota DBH zein Batxilergoko ikasleei zuzendutako jarduerak proposatzen ditu Oiasso Erromatar Museoak Europako Ondare Jardunaldietarako. 'Kultura Eraikitzen' lelopean Oiassoko termen aztarnategia erdigunean jarriko dute bisita ezberdinetan, eta urriaren 16an eta 23an Ihes Gela antolatu dute museoan bertan.

Ondarearen Europako Jardunaldiekin bat eginez, Oiasso Erromatar Museoak programazio berezia antolatu du datozen asteetan. Bere kultur programazioaren barruan, JACOBI Done Jakue Bidearen Lagunen elkarteak antolatutako argazki erakusketa jasoko du, baita familientzako Arkeolab tailerrak ere (urriak 4an). Baina 'Kultura eraikitzen' lelopean aparteko hiru hitzordu antolatu ditu Europako Ondare Jardunaldiekin bat eginez. 

Aizpea Goenaga, museoko kultura koordinatzaileak azaldu digunez, joan den apirilean ateak zabaldu zituen terma erromatarren aztarnategiak sortu duen jakinmina handia izanik, hauek programaren erdigunean egongo dira orain ere. Udan bisita kopuruak %39 egin du gora museoan, eta terma erromatarrak ezagutzara emateko lanketaren barruan, Ondare Jardunaldi hauetan Gipuzkoako ikastetxeei zuzendutako bisitak egingo dituzte. "Ibilbide bat termetatik: esperientzia bat erromatar erara" izeneko bisita, urriaren 2an eta 9an (11:00etan) egingo dute bereziki ikastetxeetako behar bereziak dituzten ikasleei egokituta. Bisita eta tailerra euskaraz egingo dute, eta 4 euro balio du sarrerak. Aldez aurretik izena emateko 943 63 93 53 zenbakira deituta edota mezu elektroniko bat idatzita egin daiteke. 

Bestalde, terma erromatarren egiturak eta funtzionamendua ezagutzeko bisitak antolatuko dituzte nahi duen ororentzako ere, urriaren 4, 11, 18 eta 25ean, gaztelaniaz (11:00etan) eta euskaraz (12:00etan). Sarrerak 5,75 eurotan erreserba daitezke. 

Era berean, DBH eta Batxillergoko ikasleei zuzendutako Ihes Gela joko bat antalatu dute urriaren 16an eta 23an. Aizpea Goenagak argitu duenez, esperientzia berria da museoan, eta ikasleak taldetan banatuta zenbait proba gainditu beharko dituzte. “Oiassoko aztarnak ikertzen ari zela Haizea Arrasate arkeologoa modu misteriotsuan desagertzen da, eta gertatu zaiona argitu beharko dute ikasleek. Sarrerak 4 euro balio du, eta aldez aurretik izena eman behar da.

Azkenik, azaroaren 28an Elexazarko (Amurrio) aztarnategi erromatarra ezagutzeko hitzaldia antolatu dute azaroaren 28an, 19:00etan. Sarrera libre bada ere, lekua erreserbatzeko gomendatu dute.