Jarduera anitz jasoko ditu Ficobak urrian, inoizko bisitari marka guztiak apurtzeko bidean

Antxeta Irratia 2025eko irailaren 30a

Datozen asteetan 15.000 bisitari espero dituzte moda, ezkontzak, antzinako objektuak, zibersegurtasuna, enplegua, gazteen ekintzailetza, enpresa, HABE azterketak edota 4.000 lagun bilduko dituen Gureak erakundearen 50. urteurreneko ospakizunarekin. 2025eko lehen seihilekoan 121.000 bisitari bildu ondotik, erabiltzaile marka guztiak apurtzeko bidean doa erakustazoka aurten, eskaintza eta ekitaldi aniztasunean oinarrituta.

Ficoba 15.000 pertsona baino gehiago hartzeko prestatzen ari da datozen asteetan. Udazkeneko jarduera programa anitza du erakustazokak, joan den asteburuko Gipuzkoako Outlet Azokaren ondotik, urriaren 18an eta 19an IX. Ezkontza Azoka, urriaren 25ean eta 26an Antzinako Objetu, Bilduma eta Vintage Azoka, edota aurretik ere, urriaren 9an bertan ospatuko den Gipuzkoako IndustrySec zibersegurtasunaren ekitaldi profesionala jasoko du erakustazokak, besteak beste.

Hezkuntza eta prestakuntza sektoreak ere lantzen ditu Ficobak. Alde horretatik, prestakuntza eta gazteen ekintzailetza protagonista duen Ikasenpresa Kongresuan (urriak 21), Lanbide Heziketako ikasleei zuzendutako jardunaldia ospatuko da. Eta azken urteetan ohikoa bilakatu denez, Ficoba izango da HABEren euskara mailak egiaztatzeko azterketen egoitza, urriaren 3an eta 4an. 

Bestalde, urriaren 23an, aldiz, Ficoba berriz ere enpleguaren topagune bihurtuko da, Bidasoa Bizirik garapen agentziak antolatutako Enplegu Azokarekin.

Markak apurtzeko bidean

2025a 30.000 bisitarirekin estreinatu zuen Ficobak, Burger Fest ekimenarekin. Eta bisitari marka guztiak apurtzeko bidean doa aurten. Izan ere, 2024an 145.000 bisitari jaso ondoren, 2025eko lehen seihilekoan (uztailak 1 arte) 121.000 pertsona baino gehiago bildu ditu bertan antolatutako 100 bat ekitaldietan.

Ander Sarratea, Ficobako kudeatzaileak dioenez, Ficobak arlo eta interes anitzak pizteko gai izan da azken urteetan, izan industria, izan gastronomia, topaketa profesionalak, kultura eta aisialdia uztartuz. Eta Ficobatik bertatik sortutako sektore espezifikoetako azokak ere ondo errotu direla dio. Ababor nautika azoka edota Be Veggie jaialdi beganoa bezalakoak. Azken honakoak, abenduaren 6tik 8ra ospatuko du bere zazpigarren edizioa. 

Horrekin guztiarekin, Ficoba erakustazoka eskualdearen motor ekonomiko, sozial eta kultural gisa finkatu da azken urteetan. Eta datozen asteetan, aipatu ditugun hitzorduez gain, desgaitasuna duten pertsonen gizarteratze, lan munduratze eta integrazio sozialerako GUREAK erakundearen 50. urteurrena ere ospatuko du, urriaren 31n. Bertan 4.000 pertsona inguru bilduko direla aurreikusten dute.