Animalien ongizatea babesteko araudi berriaren pedagogia egiten hasi dira Irunen

Koldo Nausia 2025eko irailaren 30a

Maiatzean onartutako Animalien Ongizaterako Udal Ordenantza berria gizarteratzeko informazio-kanpainari ekin dio Irungo auzoetan, udaltzainen laguntzaile talde batek. Katuak, usoak edo ahateak espazio publikoetan elikatzeko debekuari buruz informatzen hasi dira, baina Euskadin aitzindari den araudi berriaren gainerako debeku eta betebeharren berri ere emango dute aurrerantzean.

Joan den maiatzean Irungo Udal Osoko Bilkurak aho batez onartutako Animalien Ongizaterako Udal Ordenantza berriaren neurriak gizarteratzeko eta pedagogia egiteko kanpaina abian jarri du Irungo Udaleko Segurtasunerako eta Herritarren Bizikidetzarako arloak. 1994 urtetik indarrean zegoen araudia ordezkatu du ordenantza berriak, eta udalak oroitarazi du aitzindaria dela Euskadin (EAE), eta animalien nahitaezko identifikazioa arautzeaz gain, katu-koloniak kudeatzeko legezko esparru bat ezartzen duela, baita tratu txarren eta abandonuaren aurka neurriak eta zigorrak arautu ere.

Iñigo Bergés ordezkariak jakinarazi du, Udaltzaingoko laguntzaileak kalez-kale ari direla informatzen eta herritarrei animalien ongizaterako ordenantzaren puntu nagusien berri ematen. Argitu dienez, "Udaltzaingoko laguntzaileen pedagogia lana funtsezkoa da araudi berria paper bustia bilaka ez dadin". Eta horretarako, herritarrek arau berriak "argi eta garbi" barneratu behar dituzte.

Oraingoz, auzoetan barrena dabiltza, udalaren baimenik gabe bide publikoan animaliak (katuak, usoak, ahateak...) elikatzeko debekuari buruz informatzen. Baina iragarri dutenez, aurrerago, ordenantzaren beste betebehar nagusietako batzuk landuko dituzte, hala nola "maskotak kontrolatuta eta lotuta eramatea, gorozkiak jasotzea eta gernua garbitzea, txakur eta katuak mikrotxip bidez identifikatuak egoteko betebeharra, edota animali hauen populazioak kontrolpean mantentzeko albaitaritza klinikekin akordioa.

Izan ere, kale-katuen koloniak kontrolatzeko, hauek harrapatu, antzutu eta, osasuntsu daudela ziurtatu eta gero, jatorrizko koloniara itzultzeko metodoa aplikatzeko konpromisoa hartu du Irungo Udalak.

Honakoa Irungo Udalak azken hilabeteetan animalien babes era ongizatea areagotzeko hartzen ari den neurrien barruan kokatzen dela gogoratu du udal ordezkariak. Albaitariekin kontratu estrategiko hortaz gain, animalia abandonatu edo galduak jasotzeko zerbitzu integral bat, eta adopzioan emateko zerbitzua, katu-koloniak babestu eta hauek elikatzen dituzten elkarte eta partikularrekin akordio zehatzak, edota usoen kontrola egiteko neurriak dira, besteak beste, araudi berriarekin udalak hartutako konpromisoen artean.

Usoen kasuan, 2015ean egindako errolda adituen eskutik eguneratu, eta populazioa kontrolatzeko programa berri bat prestatzen hasi da udala, partaidetza bidezko aurrekontuetan aurkeztutako ekimen baten eskutik.