Terma erromatarren irekierak erabateko eragina izan du Oiasso Museoaren azken hilabeteetako bilakaeran eta eguneroko jardueran. Izan ere, museoak ateak zabaldu eta bi hamarkada geroago «berrirekiera» baten antzera irudikatzen zuten bertako arduradunek. Eta lehen hilabeteotan, aztarnategiak bisitariak erakartzeko suposatu duen «pizgarria» aurreikuspenak baieztatu egin ditu.
Irungo Oiasso Museoak ia hirukoiztu egin du bisitari kopurua duela sei hilabete terma erromatarrak inauguratu zirenetik. Guztira 14.620 bisitari izan ditu apirila eta iraila bitartean, eta 5.697 bisitari, berriz, 2024an. Bisitarien eta erabiltzaileen datua, guztira (Dies Oiassonis Jaialdi Erromatarra, erakusketak, ikastaroak, etab.), are handiagoa da, izan ere zenbateko hori 25.151 pertsonakoa da joan den apiriletik hona, % 35 gehiago (6. 523 pertsona gehiago) iazko epe berarekin alderatuta. Sei hilabeteko epe horretan, erromatarren termak bezalako ondare historikoa herritarrek erabiltzeko eta gozatzeko berreskuratzeak izan duen arrakasta berresten du datu horrek.
Zifra historiko horien berri eman dute gaur Nuria Alzaga jarduneko alkate eta Kultura ordezkariak eta Aizpea Goenaga Oiasso Museoko zuzendariak. Biek ere balorazio oso positiboa egin dute museo honek kultura eta turismo alorrean izan duen erakargarritasunari buruz. Izan ere, dagoeneko erabateko erreferentzia da lurralde mailan, eta kopuru handi bat erakartzea lortu du baita ere tokiko publikoaren artean.
Nuria Alzaga Kultura zinegotziaren ustez, terma erromatarren irekierak erabateko eragina izan du zifra hauetan. «Udalak gure ondare historiko eta kulturala ezagutzera emateko egin duen apustua arrakastatsua izan da, eta herritarrak museoarekin konektatu dira, batez ere etxekoak», dio udal ordezkariak. Izan ere, turismoaren ikuspegitik kanpoko bisitariak erakartzeaz gain, bidasotar askok museoa berriz deskubritzeko aukera eman du ere. Udalak emandako datuen arabera, sei hilabete hauetan museoa bisitatu duten irundarren kopurua %61 handiagoa izan da aurreko urtearekin alderatuta, eta horrek argi uzten du terma erromatarren musealizazioa udalerriko bizilagunen interesa piztu duela.
Gainerako bisitariei dagokienez, udako kanpainan (uztaila eta abuztua) bisitari gehienak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpokoak izan ziren bitartean (%57), apiriletik irailera bitartean, aldiz, bisitarien eta erabiltzaileen %75,8 Euskal Autonomia Erkidegotik eta Nafarroatik etorritakoak izan dira. Hau da, hiru bisitaritik bat irundarra izan da, eta guztiaren ia bi heren gipuzkoarrak.
Era berean, museoak antolatutako udako ekimen nagusia barne, Dies Oiassonis Jaialdi Erromatarraren XV. edizioa, 16.318 pertsona bildu ditu museoak ekaina eta iraila bitartean, iaz baino %34 gehiago (4.121 pertsona gehiago). Bisita gidatuei eta tailerrei dagokienez, ekintza horiek 3.680 pertsona erakarri dituzte azken sei hilabeteetan.