Irungo Udaleko Obra, Mantenu eta Azpiegitura arloa 2025eko asfaltatze-kanpaina berri batekin hasi da. Hiriko bideak hobetzen jarraitzeko bi esku-hartzeren berri eman du Gorka Alvarez ordezkariak, Anzaran auzuneko Hendaia eta Astigarra kaleetan hain justu. Aurtengo asfaltatze-kanpaina honen lehen bi puntuak direla iragarri du, eta hiriko beste hiru gunetan ere hobekuntzak egingo dituztela aurrerago. Lanak Excavaciones y Transportes ORSA S.L. enpresari esleitu dizkio udalak, 288.765 euroko aurrekontuarekin.
Lanak egunez egingo dituzte, eta araututako txandakako zirkulazioa mantenduko da obra egiten den bitartean, baina une jakin batzuetan mozketa puntualak egin beharko dituzte. Auzokideek eragozpenak ulertuko dituztelakoan dago Alvarez, "irundar guztien hobe beharrez" egiten direla gogoratuz. Dena den, zirkulazio aldaketei buruz zuzenean hunkitutako bizilagunak aldez aurretik informatuko dituztela argitu du.
Lehen bi asfaltatze lan hauetan, zoladurak konpontzea, bi kaleetako errodadura-geruza osorik birgaitzea eta bideetako marreb pintaketa lanak egingo dituzte. Bide batez, hiri-altzarietako elementuak jartzea aurreikusten dute.
Era berean, bi kaleetako aparkalekuak aldi baterako erreserbatzea aurreikusten du udalak, batez ere Hendaia kalean. Bertan linean zein baterian aparkatzeko guneak birgaituko dituzte.
Urteroko asfaltatze beharrak
Udal ordezkariak adierazi duenez, "urtero hiriko hainbat puntutan jarduten du Irungo Udalak asfaltatze-kanpaina ezberdinekin, eta aurrekontuen gaitasunaren arabera egiten dira".
Irungo hainbat kaletan hondatutako zoruak birgaitzeko, kontserbazio-egoera txarrean dauden bideei buruzko azterlan bat egin da aldez aurretik, eta behar handiena dagoen lekuetan esku hartzen dute urtero, lehentasunen arabera.
Honakoa ez da 2025 honetan egiten den aurreneko kanpaina. Alde horretatik, hiriko ardatz nagusiak asfaltatu dituzte azken kanpainetan. Duela bi urte Colon ibilbidea asfaltatu eta gero, joan den otsailean hiriko trafikoaren ardatz nagusiaren bigarren zatia egin zuten, Nafarroa hiribidearen (560 metro luze) galtzada osoa berrituz. Kanpaina apirilera arte luzatu zuten gerora, eta 300.000 euroko aurrekontuarekin, Pikoketa eta Aldapeta karrikak (Kale Nagusiaren eta Joaquín Gamon kalearen arteko zatia), Francisco de Gainza kalea (Colon ibilbidearen eta Beraketa karrikaren arteko zatia), eta Araba eta Iparraguirre kaleetan ere konponketak egin zituzten.