Aurrekontu Parte-hartzaileetako 20 proposamen finalistak urriaren 3tik 7ra bozka daitezke

Koldo Nausia 2025eko urriaren 3a

Ostiralean, urriak 3, Internet bidez bozkatzen laguntzeko karpa bat jarriko du Irungo Udalak Zabaltza plazan, 18:00etatik 20:00etara. Proposamen finalistak aukeratzeko aurreko fasean 2.249 boto jaso zituen udalak, iazkoaren bikoitza. 

Proposamenak jasotzeko 56 lagun parte hartu zuten aurrez aurreko bileran, eta online bidez jasotako 129 proposamen prozesua egin ondoren, 535 pertsonak parte hartu zuten irailaren 30 arte proiektu finalistak hautatzeko irekitako bigarren bozka fasean. Udalak argitu duenez, guztira 2.249 boto jaso zituzten, iazkoaren bikoitza.

Horrenbestez, auzo elkarteek, Gazteen Foroak edota Hiritar Foroak egindako 7 proposamenez gain, herritarrek egindako beste 13 proiektu sartu dira prozesu orokorrerako azken 20 proposamen finalisten artean. Bestalde, gazteen aurrekontu parte-hartzaileetan (16-30 urte) 9 proposamen izango dira azken bozka fasean. Honetan, 200.000 euro bideratuko ditu udalak, eta prozesu orokorrerako, aldiz, 1,3 milioi euroko aurrekontua erreserbatu dute. Kopuru horiek agortu arte bozka gehien jasoko dituzten ahal bezain bat proiektu ahalbidetuko dituzte, eta bereak egin beharko ditu udal gobernuak 2026ko Udal Aurrekontu proiektuan.

Herritarrek izango dute azken hitza. Horretarako, urriaren 3tik 7ra bitartean, herritarrek botoa eman ahal izango dute www.irun.org udal webgunean, IRUN Txartelaren bidez identifikatuta (IRUN Txartelik ez badago, udalaren webgunearen bidez eskuratu ahal izango da). Era berean, HAZ bulegoan eta adinekoen zentroetan bozkatzen laguntzeko guneak jarriko ditu udalak. Eta ostiralean, urriak 3, Internet bidezko bozkan laguntzeko karpa bat jarriko dute Zabaltza plazan, 18:00etatik 20:00etara.

Proposamen finalistak

Herritar bakoitzak gehienez ere bost proposamen bozkatu ahal izango ditu. Prozesu orokorrari dagokionez, hauek dira 20 finalistak: Zeramikako Udal Tailerrerako labe elektriko bat, buztinarentzako prentsa eta mahaiak erostea; Plaiaundiko kirol-instalazioetako gimnasioa hobetzea eta eguneratzea; bero egunetarako haur parkeetan ur-zurrustak instalatzea; bideozaintza kamerak instalatzea; larrialdietako zerbitzuentzat materiala erostea; Paduako San Antonio haur parkea estaltzea; Santiago kaletik Santiago zubira doan bidegorria berritzea; saskibaloiko eta futboleko kantxak Palmera Montero inguruan; kaleko katu-kolonien zaintza hobetzea; Molinoko errepideko zubian espaloiak egokitzea; parkea tirolinekin; kultur-programazioa indartzea; kontzertu gehiago; aparkaleku disuasorioen bideragarritasun plana egitea; Udaltzaingoak herritarren segurtasuna kontrolatzeko dituen baliabideak eta tresnak hobetzea; hiri osoan zuhaitzak zaindu, ordezkatu eta berriak landatzea; auzoetan kultur ekintza gehiago antolatzea; auzo elkarteentzat karpak eta mahaiak erostea; "Irun gizalegez" kanpaina eta zigarrokinentzako zakarrontziak auzoetan instalatzea; hiriak gurpil-aulkientzako plataforma baskulagarria eduki dezala.