Txikis del Bidasoa elkarteak Irungo Udalaren babesarekin aurten antolatutako lau Girabira saioen azkena igande honetan ospatuko dute. Hamaikagarren edizio honetan ere, uda oro bezala, Mendibil parkean borobilduko dute programa 12:30etik 16:30era Txikimusika saio batekin. Familiei zuzendutako ekimena izango da, eta piknik musikal bat ere proposatzen dute, izan ere, norbere etxetik eramandako bazkariarekin hurbiltzeko deialdia luzatu dute.
Kultura eta hiriko parkeak aisialdirako okupatzeko helburua duen egitasmoa da honakoa. Europan oso ohikoa izan ohi da honakoa, eta Irungo parkeak gozatzeko 2013an ontzen hasi ziren proiektua ondo errotu da. Eskualdeko sortzaile eta kultur-eragile ezberdinen parte hartzea bilatuz, eta arte adierazpen mota ezberdinak ezagutzara emanez.
Alde horretatik, aurtengo edizioak ere denetarik jaso du. Joan den abuztuaren 9an magia izan zen protagonista, eta irailaren 1ean Alai Txoko parkean zirku eta arte eszenikoak landu zituzten, besteak beste, Ostomila Txotxongilo taldearen emanaldi batekin. Irailaren 22an ospatutako hirugarren saioa, aldiz, “Natura” ardatz izan zuen Soroxarta parkean. Eta aurtengo edizioa borobiltzeko Txikimusika saio klasikoa Mendibil parkean, igandean antolatu dute.
Antolatzaileek iragarri duten programa 12:30etik 16:30era bitartean izango da, honako hitzorduekin:
- 12:30. Familientzako kontzertua GuraShow taldearekin.
- Guraso batzuk haien haurtzaroko errepertorioa jotzen dute umorearen bidez belaunaldien arteko topagune bat sortzeko.
- 13:30. Piknik musikala.
- Fribotik DJak piknik bat girotuko du.
- 14:30. Tailer musikalak.
- Aitor Espiek, Skola Musikek eta Taupa!k antolatuta, hiru tailer egingo dituzte harrentzat.