Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizuna aurreratu, eta urrian eta azaroan ere eskainiko dituzte Irunen, «ekitaldien eragina zabaltzeko asmoz». Urriaren 10etik abenduaren 14ra bitartean, tokiko eragile eta artisten eskutik zein Euskal Herriko goi mailako artisten parte-hartzearekin, «programazio txukuna» antolatu dutelakoan dago Josu Iguiñiz Euskara zinegotzia.
Izan ere, Bernardo Atxaga eta Jabier Muguruzaren errezitala, "Karmele" filma eta Patxi Bisquertek auzolanean ekoitzitako Pello Mari Otaño bertsolari-poetari buruzko"Ombuaren Itzala" dokumentalaren proiekzioak, edota egunotan Bilboko Arriaga antzokian Aitziber Garmendia, Telmo Irureta eta Mireia Gabilondo taularatzen ari diren"Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?" antzerki emanaldiak osatuko dute programazioa, besteak beste.
Euskal eragileen eskaerari erantzunez
Irungo euskalgintzako eragileen azken urteetako aldarrikapenetako baten aurrean makurtu egin da Irungo Udala. Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko egitaraua osoa abenduaren 3aren bueltan kontzentratu beharrean, euskararen presentzia eta kultur hitzorduen jarraipena egitea ahalbidetuko duen programazio-egutegi zabalago bat antolatzekoa.
Hala, Josu Iguiñiz, Euskara zinegotziak otsailean kargu hartu ondotik, Euskararen Nazioarteko Egunerako ondu duten programa aurkeztu du gaur aurreneko aldiz. Hautetsiak aitortu du, joan den neguan eta udaberrian zehar AROA (2025-2029) Euskara Plan Estrategikoa lantzeko eragileekin egindako bileretan «adostutako neurrien artean, Euskararen Eguneko ekitaldiak abenduaren 3ra ez mugatzea, eta "Euskarak 365" ekimenean sartzea» izan zutela. Konpromiso horretatik, «ekitaldiak aurreratu, eta urrian eta azaroan ere eskainiko ditugu, antolatutako ekitaldien eragina zabaltzeko asmoz» argitu du Iguiñizek. "Jantzi Euskararen betaurrekoak" lelopean, «Irungo pertsona gehienak euskaraz hitz egiteko gai direla, baina horietariko gutxi batzuk egiten dutela egunero» aditzera eman nahi dutela nabarmendu du udal ordezkariak.
Ospatu eta aldarrikatu
Bestalde, ospatzeko ez ezik «aldarrikapenerako eguna ere» izango dela gogoratu du Josu Iguiñizek. Izan ere, «euskarak hainbat eraso jaso ditu epaitegietatik azken aldian, eta bi hizkuntza ofizial ditugun arren, erkidegoan ditugun legeek gaztelaniaren erabilera baino ez dute bermatzen, euskaldunon hizkuntza eskubideak bigarren mailan utziz, eta egoera hori gehiegi luzatzen ari da denboran euskararen kaltetan», dio zinegotzi jeltzaleak. Gogoan hartu behar baita VOX alderdiak helegitea jarri zuela epaitegietan, eta Irungo Udalak duen Euskararen Erabilera Planaren 12 ardatzetatik 11 indarrik gabe utzi duela epaileak, eskuin muturreko alderdiaren alde ebatzi ondoren. Hain zuzen ere, Euskararen Egunerako antolatutako programazioa horri ere erantzuten diola azpimarratu du.
Horiek hala, ospatu zein aldarrikatzeko xedez, hau da Irungo Udalak eragileekin batera antolatutako "Jantzi Euskararen Betaurrekoak" programazioa:
Urriak 10 (19:00tan) - PausoK Dance "Euskara dantzatzen" - Amaia Kultur Zentroan
Urriak 25 (12:30ean) - Benta Zaharreko Mutiko Alaiak kale animazioa.
Azaroak 11 (18:00etan) - "Ama hizkuntzak psikoterapian duen garrantzia", Estibaliz Zubialde psikologoarekin zuzeneko elkarrizketa - Irunero eta Txingudi Online - Oiasso Museoan.
Azaroak 21 (19:00tan) - Bernardo Atxaga idazlea eta Jabier Muguruza kantautore irundarrarekin Errezitaldia - Oiasso Museoan.
Azaroak 22 (9:00etan) - Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen X. Txapelketa - Palmera Montero gunean.
Azaroak 26 (19:00etan) - "Iraganaren lekuko. Euskal Herriaren historia" liburuaren aurkezpena, Iñaki Lopez de Luzuruaga egileetako batekin - CBA Udal Liburutegia.
Azaroak 29 (12:00etan) - Auntxa Trikitixa Eskolarekin Erromeria - Zabaltza plazan.
Azaroak 30 (19:00tan) - ANTZERKIA: Aitziber Garmendia, Telmo Irureta eta Mireia Gabilondo taularatzen ari diren"Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?", Tanttaka Teatro - Amaia KZ
Abenduak 3 (10:00etan) - Ihes Gela jokoa Oiasso Museoan.
Abenduak 5 (17:30ean) - Zirika Zirkus emanaldia, Marieta Zirkusekin - Amaia Kultur Zentroa.
Abenduak 6 (11:30ean) - Irungo Txistulari taldearekin Kantujira - San Juan plaza, Urdanibia plaza eta Erromes plazan.
Abenduak 6 (18:30ean) - Ombuaren Itzala dokumentala, Oiasso Museoan.
Abenduak 7 (8:30) - Irungo Txistularien Diana, Alde Zaharra eta Erdiguneko kaleetan. Eta Muxikoak (12:00etan) Zabaltza plazan.
Abenduak 14 (18:00) - "Karmele", filma *dohainik - Amaia Kultur Zentroan
*OHARRA: Amaia Kultur Zentroko ekitaldietarako gonbidapenak eskuratu beharko dira aldez aurretik, Turismo Bulegoan. Pertsona bakoitzak gehienez ere 4 sarrera.