Zuhaitz Gurrutxagak bere "Nortasun Agiria" aurkeztuko du Irungo CBAn ostiralean

Koldo Nausia 2025ko urr. 7a, 16:42

Umorista eta futbolari ohiak bere hirugarren bakarrizketa lana taularatuko du, urriaren 10ean (20:00etan) Irungo Kultura eta Sokuntza Zentro berrian. Sarrerak 10 eurotan eskura daitezke irun.eus atarian, eta 7 euroko prezio murriztuan.

Elgoibartarrak oraingoan ere bizipen pertsonaletan oinarritutako bakarrizketa ondu du, bikote-harremanek sortutako minak, euskaldun izateko zailtasunak edo sexu-harremanetan TOC (Nahaste Obsesibo Konpultsiboa) izateak eragin ditzakeen buruhausteak aipatuko ditu.

Bere lehen bi lanetan ere, 'Futbolisto baten konfidentziak' eta 'FutbolisTOC' gazte gaztetatik jasan duen nahaste horren gizarteratze eta sentiberatzeko baliatu izan du. Hain justu, futbolari profesionala izan zen garaietan eragin zizkion zailtasunen berri emanez. 1980. urtean sortua, Gurrutxaga Donostiako Errealarekin goi mailan aritzeaz gain, Irungo Real Unionen ere ibili zen talde txuribeltzaren azken urteetako garai oparoenean. Eta futboletik erretiroa hartu zuenetik hau eta pairatzen duen TOC hori izan ditu bere bakarrizketen ardatz nagusia.

Ander Izagirre idazlearekin batera "Txapeldunordea" liburua ere idatzi zuen, komediaren puntu bat duen autobiografia.

Irungo emanaldirako sarrerak joan den urriaren 3tik daude salgai, publiko orokorrarentzat 10 euroren truke. Langabetuek, 14 urtetik beherakoek, familia ugariko kideek eta Gazte txartela dutenek, berriz, 7 euroko prezio murriztua dute.