14 orduko Txaranga Topaketak eta Bebe abeslariak hartuko dute Irungo erdigunea

Antxeta Irratia 2025eko urriaren 10a

Irun Zuzenean zikloa borobiltzeko BEBE eta Aysha Bengoetxea irundarraren kontzertuak izango dira larunbatean 21:00etan San Juan plazan. Eta sanmartzialetako formula errepikatuz, kontzertu handiak girotzeko egun osoko festa antolatu du Irungo Udalak Peña Poteorekin lankidetzan. 14 orduko Txaranga Topaketa iragarri dute antolatu dute, Peña Poteo, Gauerdi, Irungo Atsegiña eta Jostailu txarangekin eguerdian, eta Nafarroa, Segovia eta Madrilgo txaranga bana kontzertuen aurretik eta ondotik.

Larunbata honetan, Irungo jaietan egin ohi duten bezala, 21:00etatik aurrera San Martzial kalea itxi egingo dute. Honek L4 eta Gautxori Irunbus zerbitzuetan eragina izango du. Ordu horretan, Irun Zuzenean zikloa borobiltzeko, BEBE abeslari ezagunak "Pafuera telarañas" disko ikonikoaren 20 urteak gogoratzen biraren baitan, eta Aysha Bengoetxea irundarraren (La Voz Kids telebista saioko finalista) kontzertuak hartuko ditu San Juan plazak doainik. Baina egunak gehiagorako emango du. 

Izan ere, joan diren sanmartzialetan, ekainaren 14an, Txaranga Eguna ospatu zuten Irunen. Burrunba Elektrotxarangaren 10. urteurrena ospatzeko aitzakiarekin, talde honek Joselontxos eta Mogunbo txarangak gonbidatu zituen Irungo kaleak egun osoan zehar girotzeko. Eta txarangak adin guztietako irundarren artean lortu duen arrakasta ikusita, Irungo Udaleko Kultura arloak horren aldeko apustua bikoiztu egin du oraingoan. Urriaren 11n Txaranga Topaketaren lehenengo edizioa antolatu baitute Peña Poteo Txarangarekin elkarlanean. 

Nuria Alzaga Kultura zinegotziak azaldu duenez, orain arteko esperientziak baikorrak izan dira, eta ostalariek ere esan diete, «egun oso bat gozatzeko aukerak jende ugari erakarri zuela Txaranga Egunak». Ekainaren 14an, txarangek girotu zuten eguna Alaskaren (Fangoria) gaueko kontzertuaren atariko gisa. Eta ideia horretan sakonduz, formula beretsua errepikatuko dute urriaren 11n. Izan ere, Irun Zuzenean ziklo berria itxiko dute gau horretanBebe musikari ezagunak Pafuera Telarañas diskoa berreskuratuko du, eta La Voz Kids telebista saioko finalista, Aysha irundarraren kontzertuarekin itxiko dute zikloa San Juan plazan. Eta aurretik eta ondoren txarangak izango dira protagonista.

Bertako eta kanpoko txarangak

Endika Etxaidek, Peña Poteo Txarangako kideak iragarri duenez, «14 orduko ekitaldia prestatu dugu, egun osokoa, goizean bertako txarangei omenaldi txiki bat eginez, eta arratsalde eta gauean kanpoan goi mailako txaranga ezberdinek egiten dutena ikusteko aukera emanez». Hartara, goizean Peña Poteo bera ez ezik, Gauerdi, Irungo Atsegiña eta Jostailu txarangak ariko dira erdiguneko kaleak animatzen. Eta arratsaldean, ospe handiko Gazte Txaranga nafarrak, ondoren Jaleo Txarangak hartuko du lekukoa, Segoviatik iritsiak, eta gaueko azken orduan (gauerditik aurrera) Madrilgo Txaranga Fugitivos. Azken hauek musika jo eta ikusgarri oso bat eskaintzen dutela iragarri dute antolatzaileek.

Aurreneko edizioa izango da honakoa, baina ekimenari jarraipena emateko asmoa adierazi dute. Irungo Udal ordezkariak ere argi dauka, txarangak kultura eta herria girotzeko tresna egokiak direla. «Irunen musikaz asko dakigu, eta tokiko talentu horren adibide dira txarangak», dio Alzagak. Hortaz, «Kaleko iskina guztietan musika egotea nahi dugu topaketa egun horretan, kanpoko txarangekin, baina batez ere etxekoekin», azpimarratu du Kultura ordezkariak.

Zentzu horretan, txarangaren identitate klasikoa «azken urteetan eguneratu» egin dela uste du Endika Etxaidek. «Errepertorio berriak lantzen ditugu, eta jendeak dagoeneko badaki txaranga batek eskaini dezakeena», dio Peña Poteoko kideak. Azken urteotan iraultza txiki bat eman dela aitortzen du, eta Bidasoaldean txarangarik falta ez denez, halako topaketei jarraipena emateko aukera ikusten du. Mementoz, Irungo Udalari horren aldeko apustua egin izana eskertu dute Txaranga Topaketa honen antolatzaile lanetan ari diren Endika Etxaidek eta Raul Gomezek.