EAJ udal taldeak 2022an udal aurrekontuen negoziazioan proposatutako zuzenketa bati esker jarri zuen martxan Irungo Udalak "Zinema euskaraz" egitasmoa. Eta urtez-urte harrera beroa duela ikusita, mantendu ez ezik, indartu nahi du Josu Iguiñiz Euskara arloko zinegotziak. Orain, udal gobernu koalizioan Euskara arloko eskumena hartu dutela, jeltzaleek 2026 urteari begira programa hau «sendotzeko eta bikoizteko» asmoa adierazi du. «Udal aurrekontuetan zehaztu beharko da, baina gure ideia da 20 pelikula programatzea, eta udazkenera mugatu beharrean, urteko 10 hilabetetan euskarazko pelikulak eskaintzea», argitu du zinegotziak.
Horren arabera,"Zinema haur eta gazteentzat" programak hilero asteburu batean emango luke haur eta gazteek euskarazko zinema dohainik gozatzeko aukera. Iguiñizek azaldu duenez, «zinema euskaraz ikusi ahal izatea normala izan beharko litzateke, baina zoritxarrez ez da horrela». Hartara, euskarari aukera ematea proposatzen du udalak, «ohitura berriak hartzeko». Alde horretatik, Irungo haurren eta gazteen artean eskaintza ondo errotu dela dirudi. Iazko programan eskainitako 10 pelikuletan 1.294 ikusle bildu baitziren Ocine Mendibilen. Hortaz, aretoak 160 leku dituela kontuan hartuta, proiekzioetan 120/140 ikusle artean elkartu ziren.
Udalak argitu duenez, sarrerak irun.eus atarian agendaren hitzorduan sakatuz eskuratu ahal izango dira, proiekzioaren aste berean, asteleheneko 14:00etik ostiraleko 14:00etara. Haurrak lagundu nahi dituzten helduek ere, gonbidapen bat har dezakete. Eta sarrerak soberan geratuko balira, proiekzioaren egunean berean eskura jarriko dituzte Ocines Mendibilgo leihatilan bertan, proiekzioa hasi baino 30 minutu lehenago.
Udalaren egitasmoa Amaia Kultur Zentroan antolatu zezaketela aitortu du Euskara arloko ordezkariak. Baina eskaintza Ocine aretoetan egiteko akordioa lortu zuen udalak enpresarekin. Eta Iguiñizen ustez, «horrek balioan jartzen du euskarazko zinema eskaintza, eta euskara bera erdigunean». Dena den, pelikula ezberdinen bikoizketak proiektatzeaz gain, aurrerantzean garapen betean dagoen euskal zinemagintzaren ekoizpenak ere, Irunen pantaila handian ikusteko aukera sustatu nahi du Euskara Zerbitzuak helduei begira.
Zentzu horretan, egunotan "Maspalomas" filma Ocines Mendibilgo karteleran dago. Baina Euskararen Nazioarteko Egunaren egitarauaren barruan, udalak "Karmele" proiektatuko du dohainik Amaia Kultur Zentroan abenduaren 14an. Horretarako gonbidapenak jaso daitezke Luis Marianoko Turismo Bulegoan eta antzokiaren leihatiletan ere.
"Zinema haur eta gazteentzat" programazioa, Ocines Mendibilen:
Urriak 18 - Superklaus
Urriak 19 - Turuleka oiloa
Urriak 25 - Azerik eta Erbik basoa salbatzen dute
Urriak 26 - Kaixo, Frida!
Azaroak 8 - Yuku eta Himalaiako lorea
Azaroak 9 - Klara eta hazi magikoen misterioa
Azaroak 15 - Basatiak
Azaroak 16 - Super Elfinak
Azaroak 22 - Patrick
Azaroak 23 - Heidi. Katamotzaren erreskatea
OHARRA: Proiekzio guztiak 16:00etan izango dira.