HAZ bulegoan egunero jasotzen dituzten objektu galduen %60 haien jabeei itzultzea lortzen dute

Koldo Nausia 2025ko urr. 13a, 12:21

HAZ-SAC bulegoak legezko betebeharretik haratago ematen duen Objektu Galduen Zerbitzuak jasotako 2.100 gauzetatik %60 bere jabeek berreskuratzea lortu zuten iaz. Zerbitzua hobetzeko helburuarekin, 1997ko ordenantza eguneratu eta Irungo Udalak irun.eus atariaren bidez objektu galduak denbora errealean webgunean kontsultatzea ahalbidetuko duen sistema bat garatzen ari dira.

Irundar orok noiz edo noiz eskertuko duen isilpeko lan handia egiten du HAZ-SAC zerbitzuak herritarrek hirian galdutako gauzak haien jabeengana itzultzeko. HAZ bulegoa da Irunen galdutako objektuak uzteko eta jasotzeko gune ofizial bakarra. Beraz, bide publikoan galdutzat eman daitekeen edozer aurkitzekotan, San Martzial kaleko bulegoan entregatu daiteke, norbere izena eman gabe. Hala, Udaltzaingoak zein herritarrek HAZ-SAC bulegoan entregatzen dituzten galdutako objektuak jaso, sailkatu eta biltzeaz gain, jabeak identifikatu eta haiekin harrematen jartzen dira bertao langileak. Eta ez dira objektu gutxi izaten. Bulegoa astelehenetik ostiralera, egunero, Irungo espazio publikoetan galdutako 8 objektu jasotzen baititu batez bestean.
 
Jon Ugarte, Gobernu Irekia arloko zinegotziak aditzera eman duenez, «2024an 2.100 gauza galdu jaso zituzten HAZ bulegoan (2023an baino%4 gehiago), eta hirietatik %60a bere jabeengana itzultzea lortu zuten». Jabea topatu ezean, argitu duenez, bi urtez HAZ-SAC bulegoaren biltegian jarraitzen dute, eta legezko epea pasatutakoan balizko objektuak tokiko Gobernuz Kanpoko Erakundeei (GKE) ematen dizkio udalak dohaintzan. Iaz, adibidez, 534 objektu izan ziren, GKEei eman ala suntsitu egin zituztenak. 
 
Izaskun Larrarte, HAZ-SAC bulegoko zuzendariak azaldu digunez, galdutako gauzen %75 inguru karterak, aterkiak, giltzak, betaurrekoak edo smartphone bezalako gailuak izan ohi dira. Baina motorreko kaskoak, maletak, poltsoak edota kalean galdutako patineteak ere jaso ohi dituzte, beste gauza askoren artean. Eta bizikleta elektrikoren bat ere agertu izan da, adibidez. Kasu bitxiak ere bizi izan dituzte HAZ zerbitzuko langileek. «Iaz Rolex markako erloju bat iritsi zitzaigun, eta bere jabeak berreskuratu ahal izan zuen urte berean, ondo ikertu eta berea zela behar bezala justifikatu eta gero, noski», gogoratzen du Larrartek.
 
Izan ere, edozer galdu eta HAZ bulegoan galdetzen duen herritarrak berea dela baieztatzeko protokolo bat aplikatu beharra daukate. Berdin jokatu zuten Kaliforniako (AEB) neska batek galdutako maleta batekin ere. «Hendaian lapurtu omen zioten eta Irunen agertu zen maleta, ez zuen identifikazio argirik, baina txartel batean zegoen posta elektroniko baten bidez ikerketa abiatu genuen, eta lortu genuen dagoeneko Kalifornian zegoela berekin harremanetan jartzea», kontatzen du HAZ bulegoko arduradunak. Irungo Udalak Ertzaintzan entregatu zuen, eta Hendaiako poliziaren bitartez iritsi zaitzaion bere jabeari. Gabonetako loteria dezimoen gutun-azal baten kasua ere du gogoan. «800€ko saria izan zutela ohartu ginen, eta Espainiako Estatuko Loteria Adminstrazioarekin kudeaketa luze bat eskatu zigun», dio. Bidenabar, HAZ bulegoko lankideek ahalegin handiak egiten dituzte galdutako gauzak biltegian ahaztuak gera ez daitezen.
 
Zerbitzua modernizatzeko bidean
 
Alde horretatik, legezko protokoloak dio Irungo Udalak bildutako gauzen zerrenda HAZ-SAC Informazio Taula Ofizialean argitaratu behar dituela bi igandez jarraian. Baina Jon Ugarte, Gobernu Irekia arloko zinegotziak azaldu duenez, «herritar baten proposamenari erantzunez, udalaren webgunean unean-uneko gauza galduak zeintzuk diren ikusteko aplikazio bat garatzen ari dira orain, teknologia berriei esker, gauzak identifikatu eta errazago aurkitze aldera». Horri esker, aurki irun.eus atariaren bidez objektu galduak denbora errealean kontsultatzea ahalbidetuko dute, irisgarritasuna eta gardentasuna hobetuz. 
 
Udalak argitu duenez, eguneraketa horrek Kode Zibilak aurreikusten duen prozedura tradizionala hobetuko du. Orain artean, Irunen, 1997ko Ordenantzaren arabera, HAZeko Iragarki Taulan argitaratu behar baitzuten zerrenda, eta bide hori orain ingurune digitalera hedatuko da informazioa herritar orori helarazteko. Hobekuntza horren esperoan, mementoz, Irunen edozer galduz gero, HAZ-SAC bulegoan galdetu daiteke.
 
Iaz bertan jasotako 10 objektuetatik 6 bere jabearengana itzuli baitziren. Eta beraz, zerbitzua eraginkorra dela frogatuta dago Jon Ugarteren arabera. Irundarren ustez ere, zerbitzu bikaina da. Izan ere, herritarrek 5etik 4,84ko puntuazioa ematen diote Galdutako Gauzen Zerbitzu honi. Eta ziurrenik, beramdu baino lehen, denok erabili beharko dugu.