Irungo Udaltzaingoko Bide Heziketarako Unitateak urteroko programari ekin dio egunotan. Atzo San Vicente de Paul ikastetxeko ikasleekin hiriko kaleetan bizikletaz egindako saio praktiko batean aritu ziren, txikitatik kale eta bideetan segurtasunez ibiltzeko hezten. Ikastetxe hortaz gain, Bigarren Hezkuntzako (DBH) Eguzkitza eta Toki Alaiko ikasleek ere parte hartuko dute hiri-bideetan bizikletaz txango hauek egiten.
Bestalde, Irungo Lehen Hezkuntzako hamar ikastetxeek parte hartuko dute aurtengo programan, 2.000 ikaslek baino gehiagok. Txikienei zuzendutako saioak teoriko-praktikoak dira, eta azaroan hasiko dira. Batetik Bide Heziketako udaltzainak ikastetxeetan azalpen teorikoak ematera hurbilduko dira, oinezkoen eta txirrindularien rolei buruzko prestakuntza eta errespetuaren, bizikidetzaren, erantzukizunaren eta, enpatiaren inguruan.
Era berean, bizikletaz zein oinez segurtasunez ibiltzeko hartu beharreko neurriak ere landuko dituzte. Eta gerora praktikak egingo dituzte Ibarlako Bide Heziketa Zentroaren pistan. LH6 mailako koxkorrenek, aldiz, hiriko kaleetan ere bizikletaz ibiliko dira udaltzain eta zenbait guraso boluntarioen ardurapean.
Lehen Hezkuntzako ikasleen kasuan, Ibarlako Bide Heziketa Zentrora irteerak udaberrian egin ohi dituzte. Joan den ikasturtean Txema Ortun, Bide Heziketa Unitateko udaltzainarekin eta ikasleekin elkartu ginen bertan, ondoko erreportaian entzun dezakezuen bezala.
Aparteko saioak
Irungo Udalak argitu duenez, aurtengo programan Mendibil Prestakuntza Zentroko eta Eguzkitza zein Hirubide ikastetxeetako Hezkuntza Bereziko ikasleei zuzendutako saio espezifikoak ere emango dituzte. Kasu hauetan, edukiak haien beharretara egokituko dituzte.
Modu berean, udaltzainek hiriko beste zenbait talde edo kolektiborekin lan egingo du segurtasunez zirkulatzen ikas dezaten. Hala Irungo adineko zentro sozialetako erabiltzaileekin, nola guraso izango direnekin ere. Zehazki, haurrak atxikitzeko sistemei buruzko tailerrak emango dituzte Elitxuko auzo elkartearen egoitzan.