Gabonetako argien distira Irungo auzoetara ere helduko da aurten

Koldo Nausia 2025ko urr. 22a, 12:33

Iazko gabonetako kanpainaren balorazio inkestan irundarrek adierazitako eskaerari erantzunez, aurten 26.172€ gehiago bideratuko ditu Irungo Udalak kaleko argiztapen eta apaingarrietarako. Azaroaren 29tik urtarrilaren 6ra Anaka, San Miguel, Artia, Larreaundi, Olaberria, Belaskoenea eta Palmera-Monteroko Nagore Laffage parkean gabonetako argiztapena indartuko dute, baita San Juan plaza eta Kale Nagusian ere.

Heldu den azaroaren 29an ospatuko dute Irunen gabonetako kanpainaren irekiera eta argiak pizteko ekitaldia San Juan plazan. Aurtengo berritasun nagusia, udalak iragarritako 21 metro altuerako argiz egindako izeia izango bada ere, kaleko apaingarriak eta argiztapen sistema indartzea erabaki du udalak, kanpaina komertzialaren pizgarria auzoetara zabaldu dadin. 
 
Nuria Alzaga, Hiri Bultzada arloko zinegotziak argitu du, iazko kanpaina zertan hobetu daitekeen aztertzeko udalak 400 irundarren artean egindako balorazio-inkestan herritarrek adierazitako nahiari erantzunez, aurten 201.256€ko partida onartu dutela, iaz baino 26.172€ gehiago. «Inkestatuen %61ak kaleko argi gehiago behar zirela adierazi zuten, eta %25ak uste du auzoetan indar bat egin behar dela», azaldu du Alzagak. 
 
Hartara, heldu den azaroaren 29tik urtarrilaren 6ra Anaka, San Miguel, Artia, Larreaundi, Olaberria, Belaskoenea eta Palmera-Monteroko Nagore Laffage parkean gabonetako argiztapena indartuko dute, baita San Juan plaza eta Kale Nagusian ere. Gorka Alvarez, Obra, Mantenu eta Azpiegitura arloko zinegotziak nabarmendu du, Maycolix S.L. enpresari esleitutako kontratuak apaingarri eta argi gehiago ekarriko dituela, baina irizpide jasangarrietan oinarrituta. «Denak LED argiak dira eta neoizko hariak dituztenak ere argi-kontsumo urrikoak dira, eta hori ere udalaren argi fakturan eskertuko dugu», adierazi du ordezkari jeltzaleak. 
 
Izan ere, iazko instalazioarekin alderatuta 20 bat zuhaitz lerrokada, gune eta kale gehiagotara zabalduko dituzte aurtengo apaingarriak. Iragarri dutenez, zenbait kasuetan mugimendua duten efektuekin eta irudi tridimentsionalekin ere. Alvarezek azaldu duenez, Anaka auzoan, izen bereko kalearen 20.ean dagoen autobus geltokia, eta Aldabe Mendia kaleko geltokiaren pareko biribilgunea argiztatuko dute. Era berean, Caser Erresidentziaren alboko eta San Miguel auzoko beste 23 zuhaitzetan ere argiztapena instalatuko dute, zazpi Lezo kalean, hamabi Lucas de Berroa kalean, eta Geltoki kaleko elizaren atzeko aldean beste lau. 
 
Artia auzunean ere, 12 farola argiztatuz indartuko dute Dario de Regoyos eta 58 Poligonoan. Eta Belaskoenea auzoan, aldiz, Navegantes kaleko 12 zuhaitz argiztatuko dituzten bitartean, Olaberria auzoan beste hamar argiztatuko dituzte. Larreaundin, aldiz, Iñigo de Loyola kalean bi arku ezarriko dituzte. Azkenik, Palmera Montero auzunean, Nagore Laffage parkean bi pergola apaingarri jarriko dituzte. 
 
Bestalde, aurten egindako ahalegina erdigunean ere nabarituko da. San Juan plazaren alboetako zuhaitzak eta Almudena Grandes plazako sei arboletan ere argiak jarriko dituzte, urteotako instalazioa hobetuz. Eta Kale Nagusian eta Foru karrikan hamaika arku ezarriko dituzte. Era berean, udaletxearen atzealdean dagoen izei handia ere apainduko dute, Jesus eta Prudencia Arbide kaleen artean.