Ikama ikasle antolakundeak abenduaren 11n greba orokorra eta mobilizazio eguna deitu ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Intza Sarasola Mentaberri, Irungo Pio Baroja institutuko ikaslea eta Ikamako kideak azaldu duenez, Irun eta Hondarribiko ikasleak ere antolatzen ari dira euskararen eta hezkuntza euskaldunaren aldeko borrokan parte hartzeko. «Euskararen aurkako oldarraldi betean eta gure hizkuntzaren ahultzearen aurrean, ezinbestekoa da euskararen aldeko olatu berri bat sortzea, eta ikasleok lehen lerroan egon behar dugu», azpimarratu du Sarasolak.
Ikamaren arabera, euskarak ezin du Espainiako eta Frantziako marko juridikoen menpe egon, eta euskal hezkuntza euskaldun propio bat eraikitzea beharrezkoa da. Horregatik, abenduaren 11n ikasleak kalera aterako dira, euskararen eta hezkuntza askearen aldeko aldarria ozen zabaltzeko.
Mugimenduak herriz herri indarra hartzen jarraitzen du, eta Irungo eta Hondarribiko ikasleek ere bat egin dute deialdiarekin, euskararen defentsan eta hezkuntza propioaren aldeko olatua elikatzeko.