Elkarrekin ikerketa eta gizarte ekintzarako kooperatibak gidatzen duen "Ongi Etorri Eskolara" egitasmo inklusiboarekin bat egin dute Irungo Dunboa eta Toki Alai ikastetxe publikoetan. Eta horren barruan Familia Lagun programarekin. Duela 10 urte Donostiako Aitor ikastolan ekin zioten proiektu honi, eskola komunitate inklusibo baterantz kulturarteko eredu pedagogikoa martxan jartzeko. Garazi Zarauz, kooperatibako kideak azaldu digunez, akonpainamendua eskaintzen diete ikasle eta familiei, euskara funtsezko elementutzat hartuz.
Helburu horrekin, esku-hartzeak egiten dituzte irakasleekin, ikasleekin eta, batez ere, familiekin. Izan ere, Familia Laguna programak hurbiltasun harremanen bitartez, herrialde ezberdinetatik emigratu duten familiak eta adin bereko seme-alabak dituzten familia euskaldunak harremanetan jartzen ditu. «Ohartu ginen migrazio transnazionala nabarmen handitu egin zela, eta horrek eskoletako errealitatea aldatu egin duela», dio Garazik, «horregatik garrantzitsua da Irun bezalako hiri batean ere esku hartu ahal izatea».
Orain artean, Lehen Hezkuntzako Donostiako 8 ikastetxetan, Errenteriako 6 hezkuntza zentrotan eta Andoaingo beste hirutan, 200 familia baino gehiagok parte hartu dute kulturen arteko hurbiltasun eta ezagutza harremanak sortuz. Ekimena, berez, Donostian ama talde batek abian jarri zuela gogoratzen du Elkarrekin kooperatibako kideak, «gure auzo eta ikastetxeetako aniztasuna ikusita, harrera lantzearen beharra sentitu zutelako, eta euskararekiko ere zenbait erronka ekartzen zituelako migrazio horrek». Garazi Zarauzek dioenez, familiak inplikatzea erabaki zuten lanketa horretan, eta ikastetxeei tresnak eskaintzea.
Euskara integraziorako tresna
Horrela, hamarkada beteko eskarmentuaren ondoren, metodologia oso bat garatzen joan dira, eta Irunera Parean elkartearen bidez hasi ziren Dunboa ikastetxean. Bertan 2023an Kaleidoskopioa proiektuan parte hartu zuten, kanpoko eta bertako familiak binazkatuz. Ondoren murgildu ziren ekimen honetara, eta iaz batu zen Toki Alai ikastetxea ere. Alde horretatik, Irungo biztanleen %20 inguruk atzerriko jatorria du, eta iritsi berriak diren familiak integratzeko eraginkorra dela frogatu dutela dio proiektuaren eramaileak.
Dunboa ikastetxean, adibidez, 300 ikasle inguru dira, eta 20 jatorritik gorako familiek osatzen dute. Aniztasun hori traba izan beharrean, aukera bilakatu nahi dute. Eta horretarako, hezkuntza komunitatea indartuz lan egiten dutela argitu digu Garazi Zarauzek, migrazioari harrera egin eta euskara integratzeko tresna izan daitekeela dio. Izan ere, euskal eskola publikoaren aniztasuna kontuan hartuta, euskararen normalizazioari berebiziko garrantzia duela ohartu dira. Eta helburua lortzeko, kanpotik iritsitako familiak bertako familiekin parezkatzen dituzte, euskara bultzatu eta familiak integratu eta saretzeko.