Nougrupfiral enpresak sustatutako 'Antzinako objektu, bilduma eta Vintage Azoka' ospatuko dute Ficoban urriaren 25ean eta 26an. Bildumazale, kolekzionista eta antzinateen adituei zuzendutako azoka honek 40.000 pieza baino gehiago bilduko dituela iragarri dute antolatzaileek. Azken 10 urtetan Asturias, Gaztela Leon, Galizia, Aragoian edo Errioxan halako «ganbara handiak» antolatu eta gero, Irungo Ficoban antolatzea erabaki dute bere mugaz gaindiko kokapenagatik, eta euskal merkatuak eskaini ditzakeen aukerak aztertzeko.
Izan ere, Ficobako 2. pabilioian 40 erakusketarik parte hartuko dute, eta espainiar estatutik etorritakoak ez ezik, enpresa frantsesak ere izango dira bertan. Bildumazaleentzat aukera paregabea dela nabarmendu dute antolatzaileek, portzelanak, altzari zaharrak, lanparak, bitxiak, vintage arropa, panpinak, diskoak, txanponak, zigiluak, liburuak, brontzeak, abanikoak, baxera eta kristaleria... denetarik topa daitekeelako, baina publiko orokorrari irekitako azoka da. Eta zentzu horretan, zaletasun berriak piztu edota pieza interesgarriren bat saldu nahi duten pertsonei ere zuzenduta dago. Argitu dutenez, objektuaren argazki bat erakustea nahikoa izango da erakusketariek haren balioa aztertzeko eta salmenta baldintzei buruzko aholkularitza eskaintzeko.
Azokara sarrera 4 eurokoa da, eta larunbata eta igandean 11:00etatik 21:00etara irekita egongo da.