Goi mailako 24 film FICAB zinemaldiaren 25 urteak ospatzeko

Koldo Nausia 2025eko urriaren 28a

Urtetik urtera sendotzen joan den Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoak mende laurden beteko ditu azaroaren 10etik 15era. Estatu mailako halako zinemaldi bakarra da, eta mundu zabalean egindako indusketa eta ikerketa arkeologikoen berri ematen duten punta-puntako dokumentalak aurkezten ditu urtero. Aurten Txina, Errusia edota Saudi Arabiatik iritsitako lanak izango dira sail ofizialean proiektatuko dituzten 24 lanean artean. 

Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoak (FICAB) 25 urte betetzen ditu aurten. Urtero, munduan zehar egiten diren punta-puntako indusketa arkeologikoen eta ikerketa historikoen berri ematen duten filma dokumentalak biltzen ditu zinemaldi berezi honek. Hasieran Arkeolan Fundazioak bultzatutako ekimen xume bat zena, Oiasso Museoaren eskutik erreferentziazko hitzordua bilakatu da azken urteetan.

Ohikoa bilakatu da atzerritik iritsitako Egipto, Grezia eta Erroma klasikoa, Mesopotamia, Mesoamerika edota Neanderthalei buruzko azken ikerketak Amaia Kultur Zentroko pantaila handian ezagutzeko aukera izatea. Eta aurtengoan ere, nazioarteko hainbat pelikula ikusteko aukera izango dugula iragarri dute antolatzaileek, hala nola Errusiakoak, Saudi Arabiakoak eta Txinakoak. Guztira 24 film hautatu dituzte, baina «jasotako lan guztien kalitate maila itzela» nabarmentzen dute. 

Alde horretatik, urtetik urtera sendotzen joan den hitzordua da, eta estatu mailako halako bakarra dela gogoratu du Aizpea Goenaga Oiasso Museoko eta FICABeko zuzendariak. «Ohikoa bilakatu bada ere, balioan jarri beharra dago Irunen 25 urtez horrelako zinemaldi bat antolatzen jarraitzea», azpimarratu du Nuria Alzaga Irungo Udaleko zinegotziak. 

Aurtengo edizioa berezia izango da. Ez dute programazio osoa iragarri oraindik, baina ohikoa duten bezala, goizetan eskolartekoen emanaldiak eta ikasleek egindako ARKMOB programaren film laburrak jasoko dituzte. Eta arratsaldetan sail ofiziala. Iaz Amaia Kultur Zentroko berritze lanen ondorioz, Ocines Mendibilera lekuz aldatu behar izan zuten zinemaldia, baina aurten Pio XII. plazako aretora itzuliko da.

Maila handiko epaimahai eta gonbidatuak

Mende laurden betetzen duen honetan, azaroaren 10etik 15era, FICABek lortu duen erreferentzialtasunaren lekuko izango da bertan epaimahaikide gisa parte hartuko duten adituen maila ez ezik, festibalak aurreneko aldiz bilduko dituen arkeologia eta historiaren arloko ikerketa zentro eta museoetako ordezkariak ere. Jesus Cimarro, Espainiako Arte Eszenikoen Akademiako presidente ordea izango da zinemaldiko epamahaiko arduraduna, eta epaimahaikideen artean ere, Ana Belén Marín-Arroyo, Kantabriako Unibertsitateko Giza Eboluzioaren (EvoAdapta) taldeko katedraduna, Giulia Pruneti, Florentziako Archeofilm Festivaleko zuzendariordea, Juan Manuel García-Ruiz, CSIC eta Ikerbasqueko irakaslea Donostia International Physics Centerrean, eta Mertxe Urteaga, Oiasso museoko zuzendari ohia, Arkeolan Fundazioaren eta FICAB zinemaldiaren sortzailea, eta gaur egungo Gipuzkoako Foru Aldundiko arkeologo arduraduna. 

Bestalde, Aizpea Goenagak gogoratu du, FICAB ez dela urtean soilik astebetez ospatzen. «FICAB ibiltaria da, eta urte osoan zehar beste museo askotan gure proiekzioetatik edaten dute, eta filma guztiak FESTHOME plataforman ere eskura jartzen ditugu dohainik», argitu du. Horiek horrela, 25 urte betetzen dituen honetan, Merdia, Bartzelona, Gijon, Madril edota Bilboko museo arkeologikoetako arduradunak Irunera hurbilduko dira ere. 

Esan bezala, programazio osoa datozen egunetan aurkeztuko dute. Baina sarrerak dagoeneko eskura jarri dituzte. Emanaldiak doakoak badira ere, gonbidapenak Luis Marianoko turismo bulegoan eskuratu beharko dira aldez aurretik.