Europa osoko 50 ordezkari bilduko dira Ficoban garraioaren orainaz eta geroaz mintzatzeko

Antxeta Irratia 2025eko urriaren 30a

Azaroaren 6an eta 7an, METREX sarea osatzen duten 50 hiri eta eskualdeen udazkeneko konferentzia jasoko du erakustazokak. Eta bertan, Gipuzkoako MUGI sistemaren proiektua, Via Irun trenbide berrantolaketa eremua edota Gipuzkoako bizikletaren estrategia ezagutaraziko diete, besteak beste, Berlin-Brandenburgo, Stuttgart, Lisboako metropoli-eremua, Porto, Torino, Erroma, Viena, Stockholm, Amsterdam, Rotterdam, Bukarest, Helsinki edo Kiev hiriko ordezkariei.

Azahara Dominguez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak azpimarratu du, Gipuzkoan mugikortasunaren arloan egiten ari diren lana handia dela, «garraio publikoan zein azpiegituren aldetik, eta Europatik ezagutu nahi izan dute zer eta nola lantzen ari garen». Diputatuak azaldu duen bezala, udazkeneko konferentzia honen egoitzarako Irun aukeratu izana «ez da kasualitatea, hiriak Gipuzkoako hiri-berroneratze proiektu garrantzitsuenetako bat duelako, Vía Irun, eta, gainera, etorkizuneko mugikortasunaren nodo intermodala izango delako».

Hortaz, Europaren interesa piztu duten arloetan egiten ari diren jardunbide egokien erakusleiho izango da hitzordua. Baita esperientziak partekatzeko baliagarria ere. Antolatzaileek iragarri dutenez, bertan, Susana Garcia Chueca Mugikortasun Iraunkorreko sailburuak eta Jose Antonio Santano Espainiako Gobernuko Garraioetako eta Mugikortasun Iraunkorreko estatu-idazkariak parte hartuko dute. Zehazki, mugikortasun iraunkorreko beren planen erronkei helduko diete haien hitzartzean. 

Bere aldetik, Irungo Udalak Via Irun proiektuak konferentzia honetan izango duen protagonismoa nabarmendu du. Proiektua ofizialki aurkezteaz gain, topaketa honetako europar parte-hartzaileek Irungo trenbidea bisitatzeko aukera izango dute ostiralean, azaroaren 7an.

Honakoa, Gipuzkoan datozen urteetan emango den hiri-eraldaketarik handiena dela gogoratu du Cristina Laborda alkateak. Bere hitzetan «Via Irun proiektua Nazioarteko Konferentzia honen edukien parte izateak Europako beste metropoli-eremu batzuen, eta hiri ertainen eraldaketako prozesuak gidatzeko gai garela erakusteko aukera bat da, enpresetan berrikuntza, ezagutza eta ekintzailetza integratuko diren espazio berri batean».