Irungo erdiguneko kaleak pintaketa homofoboz josita esnatu dira gaur, margo beltzez, gorriz, txuriz, hori kolore fosforitoz... Feminismoaren kontrako eraso zuzena egiten duten mezuak nonahi topa daitezke, Elitxu- Pio XII.etik hasi eta San Juan plazaraino. Komuna publikoen kanpoaldean, Fermin Calbetoneko autobus geltoki nagusian, eta erdiguneko etxebizitza zein establezimenduetako hormetan. Eskuin muturrak hedatutako "feminazi" kontzeptua behin eta berriro erabiliaz, eta Nikolas Makiavelok 1513 urtean idatziriko Printzea boterea kudeatzeko teoria politikoaren tratatuari aipuak eginez, feminismoaren kontrako eraso larria izan da honakoa. Mezuengatik, baina baita pintaketa kopurua eta erdigunean eman den moduagatik ere.


Izan ere, segurtasun bideozaintza kamerak ezker-eskuin dauden eremu batean aritu da egilea pintaketak egiten gaueko ordu txikietan. Eta Antxeta Irratiak jakin ahal izan duenez, gaurko pintaketen aurretik ere, atzo Artaleku kiroldegiaren hormetan halakoak azaldu ziren jada. Kameren irudiak baliatuz, Irungo Udalak argitu du pintaketen egilea identifikatu egin dutela dagoeneko, eta salaketa zein zigor-prozesua abian jarri dutela.
Antxeta Irratiak Cristina Laborda alkatearen (PSE-EE) edota Udaltzaingoa eta Segurtasun arloko zinegotzi Iñigo Bergesen (EAJ) balorazioa eskatuta, Irungo Udalak ohar baten bidez adierazi du bere gaitzespena «hiriko hainbat kale eta espaziotan agertu diren eta emakumeenganako gorrotoa pizten duten kutsu misoginoko pintada bandalikoei» buruz. Erabat arbuiatzen ditu halako ekintzak, eta argitu duenez, «horrelako ekintzek ez dutela lekurik egungo gizartean, bizikidetza eragozten dutelako».
Udaltzaingoak astearte goiz honetan identifikatu eta aurkitu du egilea, eta Herritarren Segurtasun eta Bizikidetza Sailak zigor-prozesu bat ireki diola gaineratu dute.
Mugimendu feministatik lehen balorazioa
Irungo mugimendu feminista osatzen duten eragileek, aldiz, erasoari aurre egiteko eman beharreko erantzuna aztertzen ari dira. Miren Lantz Parean elkarteko kidea bereziki larritua azaldu da, ikusita bi gauetan aritu dela pertsona berdina pintaketak egiten. Baina honen guztiaren aurrean feminismotik eman beharreko erantzuna zein den zalantzan jartzen du. Izan ere, «gaur egun sare sozialetan plazaratzen diren mezuekin bezala, kalean ere, kasu honetan sentsazioa ematen du bere bizitza pertsonalean duen gatazka baten ondorioz amorru bizia atera duen norbaiten pintaketak direla, ideologia oso baten ordezkari batena baino», dio Lantzek.


Alde horretatik, mugimendu feministan kontraesanak sortzen ditu honek, horri dimentsio gehiago ematea ez ote den publizitate ematea horrelako «pentsamolde inkulto, paleto eta oso pertsonalei» zalantza dute.
Hala ere, elkarte feministak harreman zuzenean daude eraso honi erantzun behar ote zaion aztertzeko. Partikularki «egilearen aurpegiaren argazkia egin eta pintaketa bakoitzaren alboan jartzea da tripetatik ateratzen zaidana», aitortzen du Parean elkarteko kideak, «bera edo antzeko pentsamenduak izan ditzaketen guztiek lotsagorritu daitezen, hain aintzinako diskurtsoa, hain obsoletoa da!».


Hala ere, bolo-bolo dabilen feminismoaren kontrako oldarraldia ez zaio oharkabean pasatzen. Parean elkarteak hezkidetza formakuntzak ematen ditu ikastetxeetan, eta gaur egun eskuin muturreko halako dikurtsoak gazte belaunaldien artean sakon sartu da. «Harrigarria da mutil gazte askoren diskurtsoa zein den ikustea, gizartearen dinamikaren sintoma bat da», dio goibel Lantzek.
Dena den, positibotik pentsatu nahi du, eta «azken hamarkadetan emakumeen egoerak aldaketa sustantzial bat eman izan badu askatasun printzipioan eta ahalduntzean, eskuin muturretik zabaltzen dituzten mezu sinplistak horri aurre egiteko erreakzioa» direla pentsatzen du.

