Profesionaletan bere lehen finalera sailkatu da Unai Amiano aurreneko aukeran

Antxeta Irratia 2025eko azaroaren 4a

Joan den irailaren 19an Irungo Uranzu frontoian debuta egin ondoren, 21 urteko pilotari irundarrak bere lehen txapelketan finalean sartu da. Azaroaren 8an (17:30) 4 ½ B Seriearen finala etxean jokatuko du. Eta atzo Tolosako Beotibarren 22-6 nagusitu zen Beñat Senarren aurka jokatuko du bere lehen final handia. Sarrerak 25 eurotan eskura daitezke www.entradasfronton.com atarian.

Azaroaren 8an (17:30) Irungo Uranzu frontoian jokatuko den 4 ½ B Seriearen finalerako pilota proba egin dute gaur. Atzo Tolosako Beotibarren 22-6 nagusitu zen Senar Muruaren kontrako partidan. Horrenbestez, Unai Amiano pilotari irundarrak Beñat Senar ataundarra izango du parez pare profesionaletan bere lehen final handian. Etxean, hain justu, pasa den irailaren 19an profesionaletan debuta egin zuen Uranzu pilotalekuan bertan.

Borja Olazabal Irungo Udaleko Kirol ordezkaria Uranzu frontoian izan da pilotarien pilota aukeraketan, eta bide batez, Lau T’erdiko B Serieko Txapelketaren finala aurkezteko. «Harrotasuna bikoitza da Unai Amiano irundarrak bere etxean, Irunen halako finala jokatzen duelako», esan du Olazabalek, «irailean profesionaletan debuta egin zuenean talentu aparta eta potentzial handia duela azpimarratu genuen jada».

Izan ere, 2025 honetan, 22 urtez azpiko Munduko Txapeldun tituluaz gain, Mallabiako Biharko Izarrak txapelketan gailendu zen irundarra, baita Espainiako Txapelketan, Errege Kopan eta Lezamako Torneoan ere. Eta abuztuaren 28an, Zumaiako Dinastia Etxabe txapelketa irabazi ondoren egin zuen debuta profesionaletan. Eta 21 urteko pilotari gazteak sei aste besterik ez ditu behar izan bere lehen finalera heltzeko. Unai Amianok berak pilota hautaketan aitortu du, larunbatekoa partida berezia izango dela, eta Beñat Senar arerio gogorra.

Unai Amiano goiz honetan larunbateko finalerako pilota hautaketan, Uranzu frontoian

Izan ere, erraz irabazi du finalerdia Muruaren kontra. Irundarrak, aldiz, 22-18 Rekalderi irabazita sailkatu da, eta bere gaitasunetan konfiantza du txapela lehiatzeko. «Lehenengo txapelketan finalera iritsi naiz, eta helburua nire maila ematea zen, baina berez zure burua ez duzu ikusten final batean ikustea», dio Amianok. Are gehiago, oraindik txapela urrun ikusten duela aitortzen du, txapelketa hone ligaxkan Senarrek «kriston egurra» eman ziolako (22-6 Beotibarren). Halere, «lehian aritzeko dezente hobeto nagoela uste dut, orduz geroztik hobetu dut, baina gauzak perfektu ez baditut egiten gauza berbera gertatu daiteke», argitu du Uranzu frontoian pilota hautaketa egin eta gero.   

Partida azaroaren 8an izango da 17:30etan, eta sarrerak dagoeneko salgai dituzue 25 eurotan www.entradasfronton.com atarian. Partida egunean bertan, sarrerak soberan geratuko balira, Uranzuko leihatilan bertan eskuratu ahal izango dira.