Itziar Varelaren umoreak eta Eneritz Furyaken musikak hartuko dute asteburuan Irun Zuzenean aretoa

Antxeta Irratia 2025eko azaroaren 4a

Eneritz Furyak musikari irundarrak etxean joko du larunbatean 21:00etan, Idoia Hernandez Hatxe-rekin batera. Eta asteburua umore onez hasteko, ostiralean, Itziar Varelak Manologo ikusgarria proposatuko du emakumeen gaineko indarkeriei buruzko bakarrizketa komiko batekin. 

Joan den irailaren 11n ateak zabaldu ondoko lau asteetan, astebururo bi kontzertu programatu zituen Irungo Udalak Irun Zuzenean zikloa Bebe musikariaren emanaldiarekin itxi arte. Ondoren, Zuahitz Gurrutxaga umoregilearen bakarrizketa bezalako hitzorduak proposatu dituzte bertan. Eta orain musikaren haritik dator agenda proposamena berriz ere. Azaroaren 8an, larunbatarekin, Eneritz Furyak musikari irundarrak etxean joko du 21:00etan, Idoia Hernandez Hatxe-rekin batera. Sarrerak jada salgai dituzue Luis Marianoko turismo bulegoan, Amaia KZko txarteldegian edo CBA bertan, 5,5 eurotara. Baita www.irun.eus atarian ere. 

Furyak 2021ean Emadan autoekoiztutako diskoaren ondoren landutakoaren emaitza da orain aurkezten diguna, HHH. Sintetizadorearekin doinu elektronikoak sortu eta haren ukituak ematen dizkio, hitz leunekin uztartuz. EITB Kulturak estreinatu zuen, bira honetako kontzertuak nolakoak izango diren azalduz. Aurreko esperientzietako testurak elektronikaren kudeaketa berri baten gainean. Eneritzek Hatxerekin kolaboratu du HHH diskoko Begiztan abestian.

Asteburu umorez abiatzeko

Kontzertu honen aurretik, aldiz, Irantzu Varelak Manologo bakarrizketa saio bat eskainiko du azaroaren 7an, ostiralean, 20:00etatik aurrera. Emanaldira joan nahi dutenek, Luis Marianoko turismo bulegoan eta Amaia KZko txarteldegian eskuratu ahalko dituzte sarrerak, baita emanaldia hasi baino ordubete lehenago CBAko txarteldegian ere, 7 edo 10 euroan. Interneten ere eskura daitezke hemen. Varelaren ikuskizunak emakumeen gaineko indarkeriei buruzko bakarrizketa komikoa da.