Antifaxistek garbi utzi dute: feminismoaren aurkako oldarraldiari ez zaio isiltasunez erantzungo

Aitor Errazkin 2025eko azaroaren 5a

Azken egunotan Irungo erdigunean agertutako pintaketa antifeministek haserrea eta gaitzespena eragin dute herrian. Mezu horiek garbitu gabe jarraitzen duten arren, Irungo mugimendu antifaxistak ez da isilik geratu eta erantzun irmoa eman du: feminismoaren aurkako oldarraldiari, antifaxismoaren erantzuna izango du beti.

Irungo kaleak, Elitxutik San Juan plazaraino, feminismoaren aurkako mezu misoginoz eta homofoboz zipriztindu zituzten eskuin muturreko pintaketek, “feminazi” bezalako irainak erabiliz. Udalak berehala salatu zuen “kutsu misoginoa duen ekintza bandalikoa” zela eta egilea identifikatua dago dagoeneko.

Hala ere, pintaketak oraindik ez dira guztiz garbitu, eta egoera horren aurrean Irungo mugimendu antifaxistek eraso honi erantzun zuzena eman diote. “Feminismoaren aurkako oldarraldiari, antifaxismoaren erantzuna izango du beti.”

Ekintza honek adierazten du Irungo eragile sozialek ez dutela onartuko misoginia eta gorrotoa normalizatzea. Azpimarratu dute Irunek feminista eta antifaxista izaten jarraituko duela, errespetuaren aldeko mezuak zabaltzeko gune izango direla, ez gorrotoaren aterpe.