Kultura

«Oparien idealizazioa alboratu eta gauza garrantzitsuagoak daudela iradoki nahi dugu 'Oparirik gabeko gabonak?' ikusgarriarekin»

Koldo Nausia 2025eko azaroaren 7a

Abenduaren 12an Irungo CBA Kultura eta Sorkuntza Zentroko Irun Zuzenean aretoan estreinatuko dute “Oparirik gabeko gabonak?” izeneko ikusgarri musikala. Irungo Skola Musik eta Sarako Horkonpontx elkarteak sortutako antzerki obrak haurrak euskaraz eta baloreetan hezi, eta kontsumoaren gizartearekin apurtu nahi du, gabonetan opari fisikoak baino gauza garrantzitsuagoak daudela iradoki nahian. Joanes Echeveste, Dánae Riaño eta Iker Hernandezekin hitz egin dugu, oholtza gainean 3 aktore eta 8 musikari elkartuko dituen proiektuari buruz.

Gabonak uste baino hurbilago ditugu. Ez kanpaina komertzialen aginduz oparien zerrenda egiteko garaia delako. Musika eta kulturaren bitartez, belaunaldi berriengan baloreen haziak erein daitezkeela erakusten duen proiektu musikal baten eskutik baizik. Sarako Horkonpontx elkarteak eta Irungo Skola Musik elkarlanean sortuta, abenduaren 12an, Irungo CBA Kultura eta Sorkuntza Zentro berrian estreinatuko dute, “Oparirik gabeko gabonak?” izeneko ikusgarri musikala.

Joan den urtarrilean hasi ziren lanean, Skola Musik eskolako Deniel Riañoren burutazio batetik abiatuta. Eta proiektua garatzen joan ahala joan dira batzen partaideak. 3 aktore (Joanes Echeveste, Dánae Riaño eta Mikele Arizkorreta) eta 5 musikari  (Deniel Riaño, Iker Hernandez, Ivan Requejo, Lander Campos eta Ane Encabo) ariko dira oholtza gainean. Artisten mugaz gaindiko elkarlanetik sortutako ikusgarria bada, Irungo Udalak lagundu duenez, estreinaldia Irungo CBA Kultura eta Sorkuntza Zentro berrian, Irun Zuzenean aretoan aurkeztuko dute bi pasaldi eginez, 17:00etan eta 19:00etan. 

Lagunen arteko Sara-Irun lankidetza

Aurretik, aldiz, Saran aurrestreinaldia egingo dute abenduaren 6an. Izan ere, proiektuaren hazia Irunen erein zuen 20 urteko ibilbidea duen Skola Musik eskolak, baina Sarako Horkonpontx elkarteko Joanes Echeveste aktore eta pailazoak idatzi du antzezlana, enkarguz, baita kantuak hautatu ere. Hutsetik hasitako proiektua izanik, bidelagun izan dituen musikariek moldatu dituzte kantuak. Iker Hernandez musikariak azaldu digunez, «gabon kanta klasikoak dira, baina egokitu egin ditugu, eta obrak eskatzen dituen zarata eta soinuak ere musika tresnen bidez sortuak izan dira». Alde horretatik, erronka polita izan dela aitortzen du musikariak, eta Joanes Echevestek hautaketa egin arren, proposamenak eta ekarpenak eskuzabaltasunez onartu dituela dio.

Pontx pailazoaren sudur gorriaren gibelean dago Joanes Echeveste. Baina oraingo honetan Iratxo Gazpatxo galtzagorriaren pertsonaia sortu du istorio hau kontatzeko. Familientzako euskaraz eginiko ikusgarri musikala da honakoa, eta “Oparirik gabeko gabonak?” galderari erantzun nahian, «oparien idealizazioa alboratu, eta gizarte kontsumista honetan, gauza fisikoak baino gabonetan oparirik hoberena adiskidetasuna eta maitasuna bezalako baloreak izan daitezkeela iradoki nahi duen obra da», azaldu digu Joanes Etxebestek.

Taula gainean hau posible egingo duten artista horien artean, Goazen telesailagatik ere ezagunak diren Mikele Arizkorreta eta Danae Riaño kantari eta aktore irundarrak partekatuko dute eszenatokia Joanesekin. Danaek azaldu digunez, bere aitaren ideia izan zen halako ikusgarri bat sortzea, eta antzerki-musikatua sortzeko talentua duen Joanesengana jo zuen bitan pentsatu gabe. «Plazer handia izan da, urtarrilean hasi ginen lanean eta Sarako eta Irungo eragile eta artisten arteko elkarlana oso aberasgarria izan da», dio Riañok. Irrikitan dago bere herrian, Irunen, antzerki musikala aurkezteko. Irun Zuzenean areto berria oso egokia delako bere ustez, eta gabonen atarian «Irunen ez dagoelako euskarazko horrelako ikusgarriak gozatzeko aukera asko». 

Aitortu digunez, hasiera batean liburutegian bertan aurkeztea pentsatu zuten. Izan ere, antzerkiaren istorioan liburu batzuetatik pertsonaia ezberdinei hots egiten die Iratxo Gazpatxo galtzagorriak, eta bera laguntzeko asmoz ipuin klasikoetan ezagunak diren Alizia, Pinotxo edota Txanogorritxo eta Otsoa ere agertuko dira. Baina Irungo Udalak 180 ikusle ingururentzat lekua duen areto berria eskaini zien estreinaldia egiteko, eta eskertuak daude. 

Hartara, haurrak euskaraz eta baloreetan hezi, eta familian ondo pasatzeko opari bat izan nahi du “Oparirik gabeko gabonak?”. Esan bezala, abenduaren 6an aurrestreinaldia egingo dute Saran. Baina abenduaren 12an bi saio izango dira Irungo CBAko Irun Zuzenean areto berrian, 17:00etan eta 19:00etan. Sarrerak dagoeneko salgai dituzue hemen 5,50 eurotan.