Urtarriletik martxora ikastaro trinkoetan izena emateko epea irekitzen du Udal Euskaltegiak

Antxeta Irratia 2025eko azaroaren 18a

Irungo Udal Euskaltegiak urtarriletik martxora bitarteko ikastaro trinkoetan izena emateko matrikulaldia aurkeztu du gaur. Era berean, urrian ekainera bitartean martxan jarri zituzten ikasturte osorako ikastaroetan ere, izena eman ahal izango dute azaroaren 24tik abenduaren 4ra. Izan ere, zenbait taldetan plaza libreak daude, astean 5 orduko klaseak hartzeko.

Irungo Udaleko Hezkuntza eta Gazteria arloko zinegotziak, Sandra Caballerok, eta Udal Euskaltegiko zuzendari Miren Tolosak aditzera eman dutenez, ikastaro trinkoak urtarrilaren 7tik martxoaren 30era emango dituzte, egunero 4 orduko klaseekin, 9:00etatik 13:15era. Udal ordezkariak azaldu duenez, «eskaintza zabal horri esker, euskaltegiak eskaintzen duen zerbitzu publikoa pertsona bakoitzaren egoera pertsonal, laboral eta profesionaletara egokitu dezakegu». Izan ere, udalaren helburua da, bai ikasi nahi duenarentzat, bai euskara hobetu edo titulu bat lortu nahi duenarentzat, ahalik eta erraztasunik handienak ematea.

Alde horretatik, azken urteetan bezala, langabezian dauden irundarrek Udal Euskaltegian euskara ia debalde ikasteko aukera dutela oroitarazi dute. Orain artean dohainik bazen ere, LANNAHI programari atxikitzen diren ikasleek 20 euro ordaindu beharko dituzte ikastaro trinko bakoitzeko. Eskera egin beharra dago eta mailaketa proba egiteaz gain, baldintzak betetzen dituztela egiaztatu behar dute. Hitzordua eskatzeko 943 50 52 73 telefonora deitu behar da. 

Bestalde, Irungo Udalak ohartarazi duenez, aurten Udal Euskaltegian ikasleak onartzeko prozeduran berrikuntzak izan dira. Ikastaroetan onartuak izan nahi dutenek eskaria telematikoki aurkeztu beharko dute Irungo Udalaren Egoitza Elektronikoaren bidez, edo hirian zehar kokatuta dauden autozerbitzu terminalak erabiliz. Eta horretarako, sinadura elektronikorako sistemaren bat (Irun Txartela-BAKQ…) erabili beharko dute.