Hotzak Zubiako aterpetxearen ateak ireki dizkie kale-gorrian diren irundarrei

Antxeta Irratia 2025eko azaroaren 21a

Kale-gorri egoeran aurkitzen diren irundarrentzako 29 ohe eskaintzen ditu udalak Zubia Gizarteratze Zentroko 'Eba' etxean. Euskal Meteorologia Agentziaren aurreikuspenen arabera 21:00etatik 07:00etara tenperatura 8 graduz beheiti jaisteko baldintzak, edota haize zein euri bortitzak aurreikusten direnean gaua bertan egiteko aukera ematen dute 2018an martxan jarri zutenetik.

Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko arloak jakinarazi duenez, hotzaren kontrako protokoloa aktibatu eta 'Eba Etxea' martxan jarri du aste honetan. Zerbitzua ZUBIA Gizarteratze Zentroan eskaintzen du, eta 2018ko neguan aurreneko aldiz ateak zabaldu zituenetik, Euskal Meteorologia Agentziaren aurreikuspenen arabera 21:00etatik 07:00etara tenperatura 8 graduz beheiti jaisteko baldintzak, edota haize zein euri bortitzak aurreikusten direnean gaua bertan egiteko aukera ematen die kale-gorri egoeran aurkitzen diren irundarrei. 

Dispositiboak 29 ohe dauzka, eta Irungo Udalak argitu duenez, etxebizitzarik ez duten, Irunen bizi diren eta gaua emateko leku bat behar duten pertsonei zuzenduta dago. Baina egoera bereziki zaurgarrian dauden adineko zein adin txikiko pertsonak, osasun arazoak dituztenak eta emakumeek lehentasuna dute.

Bertan gaua egiteko ohea, afaria eta biharamuneko gosariaz gain, higiene pertsonalerako zerbitzua eta arropa garbitzeko aukera ere ematen zaie. Berez, zerbitzua behar duen orok Zubia zentrora jo beharra du 21:00ak baino lehen, izan ere, gaua bertan igarotzeko, 21:00etatik 22:00etara egin beharra dute sarrera. Ordu horretatik kanpo, Irungo Udaltzaingoaren bitartez egin beharra dago.