Jon Maia, ostegun honetan Oiasso Museoan: “Euskara, harrera hizkuntza?”

Aitor Errazkin 2025eko azaroaren 26a

Euskararen Egunaren harira, “Euskara, harrera hizkuntza?” izenburuko hitzaldia eskainiko du Jon Maiak ostegun honetan, 18:00etan, Irungo Oiasso museoan. Antxeta Irratiak eta Pausumediak elkarteak antolatutako ekimena da, Irungo Udalaren laguntzarekin. Jon Maiarekin hitzegin dugu.

“Euskara, harrera hizkuntza?” galderaren inguruan hausnartzeko aukera paregabea izango da ostegun honetan Oiasso museoan. Arratsaldeko 18:00etan, Jon Maia Soriak bere esperientzia pertsonala eta familiaren ibilbidea ekarriko ditu mahai gainera: Extremaduratik Euskal Herrira etorritako familia baten hizkuntza-, identitate- eta pertenentzia-prozesua.

Maiak bere familiaren esperientziaren bidez azalduko du nola bizi izan zuten trantsizio hori eta zein modutan bihurtu zen euskara komunitatearen atea zabaltzeko tresna. Hitzaldiak gogoeta egiteko bidea emango du, gaur egun ere euskarak zer eginkizun duen etorri berriak hartzeko, elkarbizitza sustatzeko eta nortasunak aberasteko.