Gabonetan poliziaren presentzia indartuko dute Irungo karriketan

Antxeta Irratia 2025eko azaroaren 27a

San Pedro eta San Martzialetan egin zuten bezala, azaroaren 28tik aurrera ere, gabonetako kanpainan Irungo Udaltzaingoak, Ertzaintzak eta Babes Zibilak koordinatutako operatiboa aktibatuko dute delituak prebenitzeko. Aurreratu dutenez, poliziaren presentzia indartuko dute jende gehien biltzen den eremu eta ekitaldietan, eta ardatz komertzial nagusietan. 

 

Irungo Udalak joan den udaberrian abian jarritako Gaueko Aisialdi Planaren irizpideak jarraituz, Sanmartzialetan egin zuten bezala, gabonetarako ere Segurtasun Plan Berezia abiaraziko du Irungo Udalak. Azaroaren 28an gabonetako kanpainaren abiatzearekin batera, Irungo Udaltzaingoa, Ertzaintza eta Babes Zibilak koordinatutako operatiboa aktibatuko dute. Aurreratu dutenez, poliziaren presentzia indartuko dute jende gehien biltzen den eremu eta ekitaldietan. Eta ardatz komertzial nagusietan patruilatze fokalizatua egingo dute. Udal agintariek aditzera eman dutenez, plan berezi honen helburua da delituak prebenitzea da, «b ereziki lapurretak».

Horretarako, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren artean koordinatuta egongo da dispositiboa, eta asteburu honetan hasiko da lanean. San Pedro eta San Martzialetako dispositibo bereziarekin alderatuta, bide publikoan zuzenean salaketak aurkezteko aukera emango du Ertzaintzak oraingoan. Argitu dutenez, tresna informatiko eramangarriak erabiliko dituzte, eta horrela, salaketen izapideak erraztuko dira, komisaldegira joan-etorriak saihestuz.

Cristina Laborda alkateak Ertzaintza eta Udaltzaingoaren ahalegina eskertu nahi izan du, baita Babes Zibileko boluntarioen lana ere. Eta segurtasuna bermatzeko neurriez harago, herritarrei errespetuz eta gizalegez jokatzeko eskatu die. «Beti esan izan dut segurtasuna dela eta izango dela nire lehentasun nagusia», azpimarratu du.

Gogoan hartu behar da, Irunen 280 delitu erregistratu zituztela San Pedro eta San Martzial Jaietako Segurtasun Dispositiboa martxan izandako 19 egunetan.