Gipuzkoako basozainek eta Bidasoako suhiltzaileen zerbitzuak elkarlanean, joan den larunbatean onik topatu zuten Fox izeneko txakurra. Hamar egunez galduta ibili da Aiako Harria natur parkearen barruan, eta animaliaren jabeak eta bere semeak hasitako bilaketa lanen ondorioz, txakurra non zegoen argitu ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiko basozainek eta suhiltzaileek esku hartu behar izan zuten hau berreskuratzeko. Izan ere, Aiako Harrian dauden antzinako meatzegintza ustiapenerako egiturek zaildu egiten zuten txakurra berreskuratzea.

Iturri ofizialek argitu dutenez, Aiako Harriaren orografia konplexua da, eta ohiko mendi-bideetatik urrunduz gero, gune arriskutsuak topatu ohi dira. Erabateko meatze paisaia eskaintzen baitu mendiak, eta oraindik ikusgai dira aire zabaleko harrobiak, eta Euskal Herriko granitozko mendi bakarra izanik, ezohikoak diren putzu eta galeria sakonak. Galeria horietako batean aurkitu zuten Fox, bilaketa lanetan aditua den txakur baten laguntzari esker.
Txakurra egoera onean dago, eta jada bere familiari itzuli zaio. Familiak modu publikoan eskerrak eman nahi izan dizkie operazioan modu koordinatuan parte hartu duten basozain eta suhiltzaileei.