Desgaitasuna integratzeko gai izango den gizarte bat amestuko duen mahai-ingurua antolatu dute Irunen

Koldo Nausia 2025eko abenduaren 2a

Gizarte inklusiboago bat eraikitzeko beharraz hausnartzeko topaketa antolatu dute Palmera Montero gunean, asteazkenean (18:00etan). Aspace, Atzegi, Goyeneche Fundazioa, Elkartu, Agifes, Gautena, ONCE eta Aurreratu elkarteko kideek esperientziak partekatuko dituzte, eta desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideak aldarrikatzearekin batera, «gizarte zerbitzuen baliabideen erabiltzaileak izateaz gain, gizartearen parte aktibo eta efektiboa» direla erakutsi nahi dute. 

Osasun mentala edo desgaitasun psiko-soziala, garun-paralisia, desgaitasun intelektuala, hezkuntza premia bereziak edukitzea, jaiotzez zein bizitzan zehar sortutako desgaitasun fisikoak, eta mugikortasun urritasuna, autismoa, ikusmen-desgaitasuna… bizimodu normalizatu bat aurrera eramateko mugatzen duten desgaitasunak anitzak izan daitezke, pertsonak bezainbeste. Eta denei erantzuteko, eta aukera berdintasuna emateko baldintzak eman behar direla aldarrikatzen dute, abenduaren 3an Desgaitasuna Duten Pertsonen Nazioarteko Egunean, Irungo Palmera Montero guneko 5. aretoan (18:00ean) elkartuko diren erakundeetako ordezkariek.

Irungo Udaleko Ongizate arloak "Bizi-eredu independentea" izenburupeko mahai-ingurua antolatu du, hain justu, desgaitasun mota ezberdinengatik laguntza behar duten pertsonekin lan egiten duten Aspace, Atzegi, Goyeneche Fundazioa, Elkartu, Agifes, Gautena, ONCE, eta Aurreratu elkarteko ordezkariek topo egingo dute bertan. Bidasoaldean hezkuntza-premia bereziak dituzten haur eta gazteen senideen Aurreratu elkarteak berak udalari proposatutako topaketa da honakoa, eta haien eguneroko bizitza mugatzen duen desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideak aldarrikatzeaz gain, eragileen arteko esperientziak partekatzeko eta haien errealitateari ikusgarritasuna emateko helburua ere badu mahai-inguruak. Izan ere, eragileetako partaideen ustez, «oraindik ere gizarte inklusibo bat lortzeko jendea sentsibilizatzeko lan handia egin behar da».

Iosu Iguiñiz, Gizarte Ongizate arloko zinegotziak azken urteetan erakunde publikoetatik egin diren urratsak nabarmendu ditu, baina «gizartean sentsibilitate faltagatik batzuetan, eta besteetan, administrazioak ez dituelako etxeko lanak eginak» eragileen eskutik sakondu beharreko bidea dela aitortu du. «Gizarte inklusiboago bat lortzeko, desgaitasuna duten pertsonek bizi-eredu independente bat egiteko baldintzak eta baliabideak eskaini behar dira», adierazi du zinegotzi jeltzaleak.
 
Ikusezinak diren oztopoak
 
Agifes elkarteko Ruth Encinasen arabera, aldiz, «baliabidea gehiago, ez du zergatik diru gehiago esan nahi». Bere ustez, zaintza-eredua eta baliabideak malguagoak izan beharko lirateke «pertsona bakoitzaren beharrak asetzeko, eta bakoitzak laguntza ezberdinak behar dituela aintzat hartu». Bere elkartearen kasuan, desgaitasun psiko-soziala duten pertsonen senideen elkartea da, eta desgaitasun mota hau «ikusezina» dela dio, «beste batzuetan agerikoa» den bitartean.
 
Edozein kasutan, «pertsona orok bere bizitzarekin zer egin nahi duen erabakitzeko eskubidea» bermatu beharra dagoela aldarrikatuko dute asteazkeneko mahai-inguruan. Eta Goyeneche Fundazioko Amaia Docampok azpimarratu duenez, pertsona hauek «gizarte zerbitzuen eta baliabideen erabiltzaileak izateaz gain, gizartean haien ekarpena egin nahi duten eta egin dezaketen pertsonak» direla erakutsi nahi dute. Baina horretarako gizarte «ekitatibo» bat behar da, pertsona hauen autonomia sustatu, eta «komunitatean integrazio osoa lortuz gero, alor guztietan haien parte-hartze aktiboa eta efektiboa» emango delakoan baitaude. Aspace erakundearen Irungo Arrupenea zentroko langile Itsaso Pastranaren ustez, «gizarte honetan ohartu behar gara denok ditugula gure mugak, eta aukera berdintasuna bermatzeko baliabideak ezinbestekoak direla». 
 
Norbere bizitzan erabakitzeko eskubidea
 
Irunen, ASPACE erakundeak Arrupenea zentroan laguntzen dituen garun-paralisia duten 25 erabiltzaile dituzte. Eta ASPACEko hezitzailea, Itsaso Pastranak argi du zaintza-eredua garatzen ari den garai honetan, administrazio malguago bat beharrezkoa dela, eta bereziki, gizartea kontzientziatzea. Horretarako bere ustez, desgaitasuna duten pertsonei hitza eman behar zaie. «Askotan administrazioak, senideek edota guk geuk profesionalek pentsatzen dugu zer den haientzat hoberena, baina beraiek dira zer nahi eta behar duten hobe dakitenak, entzun behar zaie», aldarrikatzen du Pastranak. 
 
Bestalde, garun-paralisia duten pertsonak izanik, gehienetan «familiak ezin duenean gehiago lagundu, instituzionalizatutako erabiltzaileak bilakatzen dira». Baina zaintza-ereduan duela zenbait urte pentsaezinak ziren formulak probatzen ari dira gaur egun. Nerearen kasua jartzen du adibide gisa. Irungo Aspaceko erabiltzaileetako bat da, eta etxe batean bizi da independente, laguntza behar badu ere. «Normalean erresidentzietan edo etxebizitza tutelatuetan egon ohi dira pertsona hauek, baina laguntza behar badu ere, etxean bizitzeko aukera ematen ari zaio, bizimodu normalizatu bat egin dezan». Halako aukera gehiago beharrezkoak ikusten ditu hezitzaile honek, «beraiek eskertzen dutelako».
 
Parte hartuko duten elkarteak hauek dira:
  • Agifes (Osasun Mentaleko Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkartea): osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonei eta haien familiei laguntzeko guneak eskaintzen dituzte.

  • Aspace (Garun-paralisia duten pertsonen Elkartea): garun-paralisia duten pertsonen gizarteratzea bilatzen dute.

  • Atzegi (Desgaitasun Intelektuala duten Pertsonentzako Gipuzkoako Elkartea): desgaitasun intelektuala duten pertsonen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko topagunea eskaintzen dute.

  • Aurreratu (hezkuntza-premia bereziak dituzten haur eta gazteen senideen Bidasoako elkartea): aisialdiko, denbora libreko eta kiroleko jarduerak antolatzen dituzte.

  • Elkartu (Desgaitasun fisikoa duten pertsonen eskubideen aldeko elkartea): irisgarritasun unibertsala, hezkuntza, enplegua edo bizimodu independentearen eredua bezalako printzipioak partekatzen dituzten esparruetan lan egiten dute.

  • Gautena (Gipuzkoako Autismo Elkartea): bere eginkizuna da, autismoa duten pertsonei bizitza osoa eta zoriontsua izateko laguntza eta aukera egokiak ematea, gizarteratzea bultzatzen duen gizarte batean.

  • Goyeneche Fundazioa: desgaitasun intelektuala duten helduei eguneko arreta- zerbitzuak ematen dizkie.

  • ONCE: Ikusmen-desgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko erakunde