Oiasso Museoa erabiltzaile guztientzat irisgarriagoa da orain NaviLens kodeei esker

Antxeta Irratia 2025eko abenduaren 3a

Adinekoen espazioetan jarritako seinaletika irisgarri eta kognitiboa, hiriko kultura, gizarte edo kirol espazioetan ere ezartzen ari da Irungo Udala. Kolore-kode batzuen bidez eskaneatu eta smartphone zein tabletetan deskargatzeko NaviLens seinaletika jarri dute Oiasso Museoan eta Amaia KZn orientatzen laguntzeko, 33 hizkuntzatan eta entzumenaren bidez informazioa eskuragarri jarriaz.

Irisgarritasun unibertsalaren arloan Irungo Udalak iaz hartutako konpromisoetan sakontzen jarraitzen du. Eta abenduak 3, Desgaitasuna Duten Pertsonen Nazioarteko Eguna probestu du Oiasso Museoan eta Amaia Kultur Zentroan ezarritako NaviLens kodeen sistema aurkezteko. Hormetan seinaletika finkoa da, eta erraz eskaneatzeko moduko kolore-kode batzuen bidez, erabiltzaileak eskatutako informazioa lor dezake, bai entzumenaren bidez, bai idatziz, eta 33 hizkuntzatan. Aplikazioa konfiguratua duen hizkuntzara itzulita agertzen zaio erabiltzaileari informazio guztia. 

Horri esker, erabiltzailea modu autonomoan ibili ahal izango da espazio ezezagunetatik, kodeek ematen dioten informazioari esker, eta bereziki baliagarria da itsuentzat edo ikusmen baxuko pertsonentzat, baita dibertsitate kognitiboa edo entzumenekoa dutenentzat ere. Irungo Udaleko Gobernu Irekiaren eta Herritarren Partaidetzaren ordezkariak, Jon Ugartek nabarmendu duenez, udalak urteak daramatza lanean irisgarritasunaren alde pausuak ematen. «Oztopoak kentzen eta edozein behar duten pertsonei zerbitzuak emateko helburua dugu funtzio publikotik», dio. Argitu duenez, sistema berri horrek «autonomia eta segurtasuna ematen ditu espazio publikoetan, erabiltzaileari une oro non dagoen identifikatzen eta erabakiak hartzen laguntzen diolako». 

Oiasso Museoaren eta Irungo termen seinaletikaren sistemak 18.149 euroko kostua izan duela nabarmendu du udalak, eta Europar Batasuneko Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planak (Next Generation EU Funtsak) %100ean finantzatuta.