Irungo Udaltzaingoak erabiltzen dituen 27 ibilgailuetatik 17 teknologia jasangarri edo berdekoak dira. Aste honetan aurkeztu berri dituzten bi patruila autoekin, dagoeneko flotaren %63k gutxiago kutsatzen duten teknologiekin lan egiten dutela nabarmendu dute Sergio Javier Irungo Udaleko Mugikortasun Jasangarriko ordezkariak eta Iñigo Berges Bizikidetza eta Herritarren Segurtasuneko ordezkariak.
2022an erositako era horretako beste hiru ibilgailu izan ziren azkenak. Baina urteotan hainbat motorra elektriko ere eskuratu dituzte. Udal ordezkariek diotenez, "neurri honekin indartu egiten da Irungo Udalak zerbitzua modernizatzeko eta mugikortasun eredu iraunkorrago baten alde egindako apustua".
Udaltzaingoaren komisarian egindako aurkezpenean, ibilgailu berriak hibrido entxufagarriak direla aditzera eman dute, 53 km-ko autonomia dute sistema-elektrikoan, eta autonomia bukatzen zaienean, gasolinazko motorra erabiltzen dute.
Polizia-flota modernizatzea Irungo Udalaren ildo estrategikoetako bat dela azpimarratu du Iñigo Bergesek, "zerbitzuaren kalitatea indartzeko eta herritarren premiei erantzuteko gaitasuna hobetzeko" gai izan dadin. Eta ibilgailu hibrido berriek eraginkortasun energetiko handiagoa eskaintzeaz gain, isilago gidatzeko aukera ematen dutenez, "bereziki baliagarria da gaueko interbentzioetan edo etxebizitza inguruneetan ibiltzeko". Hortaz gain, ibilgailuen fidagarritasuna funtsezko elementua dela gogoratu du zinegotzi jeltzaleak.
Alde horretatik, bi ibilgailu berriak ez ditu udalak erosi, errentan hartu baizik. Argitu dutenez, lau urterako kontratua egin dute lehiaketa bidez, eta 2 patruila-autoen renting gastu osoa 172.788,48 eurokoa izango da.