GazteARTEan espazioaren aurkezpen festa Irunen, abenduaren 13an

Aitor Errazkin 2025eko abenduaren 6a

Abenduaren 13an Irungo gazteen artean festa berezia ospatuko da CBAko Kultura eta Sorkuntza Zentroan. GazteARTEan espazio berria aurkeztuko da, sorkuntza eta parte-hartzea ardatz izango dituen gunea. Egun osoan zehar tailerrak, txokolate-dastaketa eta umorezko emanaldia eskainiko dira. 18 urtetik gorako gazteentzat pentsatutako jardueretan izena webgunean eman daiteke. Konekta zerbitzuko Aitziber eta Mikelekin hitzegin dugu

Abenduaren 13an GazteARTEan espazioa aurkezteko festa egingo da Irungo CBA Kultura eta Sorkuntza Zentroan. Goizean zehar, Gazteria Zerbitzuak antolatutako jarduerek espazio berri hau ezagutzera emango dute, gazteen sorkuntza, parte-hartzea eta aholkularitza uztartzen dituen gunea.

11:00etatik 13:00etara sorkuntza tailerrak egongo dira: zeramika, fanzineak eta artilezko ipuinak, Saguxar DJk girotuta. Toki kopurua mugatua denez, parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute Udalaren webgunean, eta tailer bakarrean parte hartu ahal izango dute. Ondoren, 12:00etatik 14:00etara txokolate dastaketa egingo da, eta izena ematea ez da beharrezkoa izango.

Egitaraua Maria Blanco Barre umoregilearen inprobisazio-showarekin osatuko da, aperitibo batekin lagunduta. Barre librea telesaioan parte hartzen duen bakarrizketari honek GazteARTEan espazio berriaren inguruko ikuspegi dibertigarria eskainiko du.

GazteARTEan espazioak 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako zerbitzu eta tailerrak bilduko ditu, hala nola IGazte informazio bulegoa, Konekta programaren bitartekaritza lana eta AsexoraT heziketa afektibo-sexualerako zerbitzua. Helburua da gazteen sormena eta ekimenak sustatzea, proiektu berriak garatu ahal izateko giro egokia sortuz. Egoitza berria asteartetik larunbatera egongo da zabalik, goizez eta arratsaldez, eta zerbitzu batzuk egun jakinetan eskainiko dira.

Gazte irundarrek aukera paregabea izango dute espazio berria ezagutzeko, parte hartzeko eta hurbiltzeko, guzti hau giro atsegin eta sortzailean.