Palestinaren aldeko murala komunitarioa margotuko dute Larreaundiko Berio kalean

Antxeta Irratia 2025eko abenduaren 9a

Irungo Udalari bigarren urtez luzatutako proposamena onartu egin diete oraingoan, eta Berio kalean (biribilgunearen alboan) Palestinaren eta bakearen aldeko horma-irudi baten margoketa egingo dute auzolanean. Abenduaren 13an, 18an eta 20ean goizeko 10:00etan deialdi irekia luzatu duten bitartean, abenduaren 16an, goizeko 8:30etik aurrera Pio Barojako batxilergoko ikasleek ere parte hartuko dute.

Larreaundi-Olaberria auzo elkarteak Palestinaren eta bakearen aldeko murala egitea eskatu zion irailean Irungo Udalari. Baita komunitatean Giza Eskubideen aldeko baloreak indartzeko, ahalik eta modu parte-hartzaileenean egitea proposatu ere. Auzo elkarteak argitu duenez, eskaera hau jada pasa den urtean proposatu zuten, eta Irungo Udalak auzoan kaleko horma bat margotzeko baimena ukatu egin zien orduan.  

Oraingo honetan, aldiz, Palestinarekin elkartasun mural komunitarioa egiteko baimena lortu du Irungo Udalaren partetik. Berio kalean, biribilgunearen ondoan, auzolanean margotzeko aukera izango dute palestinar herriarekin elkartasunezko murala. “Elkartasuna ez dadila eten” lelopean ustezko su-etena adostu zuenetik Israelek 500 palestinar baino gehiago erail dituela oroitarazi nahi dute. Eta margoketa lanetarako zenbait hitzordu finkatu dituzte.

Abenduaren 13an, 18an eta 20ean goizeko 10:00etan auzolanean aritzeko deialdia luzatu duten bitartean, abenduaren 16an, goizeko 8:30etik aurrera Pio Barojako batxilergoko ikasleek ere parte hartuko dute.