Bidasoako Pediatria Larrialdiak Elkarteak Ospitaleko Larrialdi Pediatrikoen zerbitzua berriz irekitzeko irmotasunez jarduteko eskatu dio Irungo Udalari. Apirilean zerbitzua itxi eta gero, Osakidetzak Irun eta Hondarribiko anbulatorioetan agindutako Lehen Arreta zerbitzuen hobekuntza bete beharrean, okerrera egin duela salatzen dute, eta familiak Donostiara joan behar izatea «onartezina» dela diote.
Bidasoa ospitaleak 36 urtez emandako pediatria larrialdi zerbitzuan artatutako 360.000 larrialdietatik %0,8 baizik ez dute Donostiara deribatu behar izan. Eta egungo egoerak osasungintza publikoaren «ekitate irizpidea urratzen» duela leporatzen diete agintariei, Bidasoaldean dauden 20.000 adin txikikoentzat oinarrizkoa den zerbitzurik gabe daudelako. Izan ere, osasun-etxeetako pediatra plazak bete gabe jarraitzen dute, eta elkarteak salatzen duenez, «Osakidetzako aplikazioan hitzordua lortzea ezinezkoa da, telefonoz oso zaila suertatzen da, eta haur askok pediatra egokitu edo izendatu gabe jarraitzen dute».
Horiek hala, Bidasoako Pediatria Larrialdiak Elkarteak abenduaren 19ko Irungo udal osoko bilkurarako mozio bat erregistratu du, Eskualdeko Ospitaleko Pediatria Larrialdiak berriz irekitzeko exijituz, eta Irungo Udalak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta Osakidetzarekin esku-hartu dezala eskatzeko. «Udala hurbileko administrazioa den heinean, herritarren eskubideak defendatzeko ardura morala eta politikoa» duela gogoratzen dute.
Alde horretatik, udaberrian emandako hitza ate atzean utzi dutela leporatzen diete agintariei. Bidasoa ospitaleko Larrialdi Pediatrikoak apirilaren 13an itxi ondoren hunkitutako familiek sortutako elkarteak salatu duenez, 7 hilabete iragan dira eta maiatzaren 31n Irungo kaleetan 12.000 herritar elkartu zituen manifestazioaren ondotik ere «udalak esku-hartu eta ekingo ziola hitzeman bazuen ere, ez du deus egin, eta bien bitartean, osasun zerbitzuak okerrera egin du». Zerbitzu publikoaren narriadura horrek, Donostiako ospitalean eta Lehen Arreta zentroetan gehiegizko lan-karga eragin duela ohartarazi du elkarteak. Eta Bidasoko ospitaleko Larrialdi Pediatrikoak berriz irekitzeko agintarien borondate eskasa salatzen du. Izan ere, 2020 urtean 1,5 milioi euroko inbertsioa eginez ospitaleko gune hau zaharberritu egin zuten, eta orain «inori abisatu gabe» larrialdi orokorren behaketa gelak egokitu dituzte. «Ekintzekin argi utzi dute ez dutela pediatria zerbitzua berriz martxan jartzeko asmorik», gaineratu du Bidasoako Pediatria Larrialdiak Elkarteak.
Hartara, maiatzaz geroztik haien eskaerari irtenbiderik eman ez zaionez, elkarteak aurkeztu duen mozioan «orain arteko jarrera anbiguoa alde batera utzi eta posizio argi eta irmoa har dezala» eskatu dio Irungo Udalari. Eta Udalari Eusko Jaurlaritzari eta Osasun Sailari zuzenean exijitu diezaiola Pediatria Larrialdiak berehala berriz irekitzeko. «Ezin dugu onartu gure bezalako eskualde batek ezinbesteko zerbitzu gabe jarraitzea, eta are gutxiago gure txikienen osasuna arriskuan jartzea, premiazko neurriak behar dira», adierazi dute.