Inoizko Gabonetako Krosarik handiena ospatuko dute Irunen, eta korrikalarien %44 emakumezkoa izango da

Koldo Nausia 2025eko abenduaren 11

Abenduaren 20an Begisare elkartea laguntzeko helburu duen Irungo Gabonetako Krosak 1.600 parte-hartzaile bildu nahi ditu, inoizko marka onena eginez. Kros Txikian 600 haur izango diren bitartean, helduen kasuan mila dortsal atera dituzte, eta geratzen diren azkenak 16 eurotan eskura daitezke www.kirolprobak.com atarian. Orain arte izena eman dutenen %44 emakumezkoa dela nabarmendu du Bidasoa Atletiko Taldeak.

Bidasoa Atletiko Taldeak abenduaren 20an antolatzen duen Gabonetako Krosari esker bildutako dirua Begisare elkartera bideratuko dute aurten. Helburu solidarioa duen 5K herri-lasterketa honek XI. edizioa du, eta hamargarren urtez txikientzat adinaren araberako hainbat proba antolatuko dituzte, 15:00etatik aurrera, 2014tik 2024ra jaiotakoentzat. Kasu honetan 600 dortsal eman dituzte aukeran (3 eurotan), iaz 500 parte-hartzaile bildu ondoren. 

Izan ere, aurten marka guztiak apurtuko dituztela iragarri dute Bidasoa Atletiko Talde antolatzaileko ordezkariek. Helduen lasterketan ere, iaz 742 korrikalarik parte hartu zuten, %42 emakumezkoak. Eta aurten langa hori dagoeneko gainditu egin dutela aditzera eman dute. Zehazki, gehienez ere 1.000 dortsal banatuko dituzte, denak kirolprobak.com atariaren bitartez. Izan ere, antolatzaileek azpimarratu dute, aurten egunean berean ez dutela dortsalik banatuko. Izena emateko azken eguna abenduaren 19a (13:00 arte) izango da, eta azken inskripzioak 16 eurotan eskaintzen dituzte. 

Izena emandako guztiek haien dortsalak jaso ahal izango dituzte abenduaren 18an arratsaldez, eta abenduaren 19an goizez, Palmera Montero gunean. Bestela, lasterketaren egunean berean Luis Marianon, Artalekura igotzeko eskaileren aurrean ezarriko dute antolakuntzaren gunean ere jaso daitezke. Helduen lasterketa 16:45ean hasiko da Colon ibilbidean, eta Luis Marianon izango du helmuga, urteroko Irungo erdigunetik egingo duen 5K ibilbidea osatuz. BATek argitu duenez, Super Amara dendan xahutzeko 200, 100 eta 50 euroko erosketa txartelak banatuko dizkiete kategoria bakoitzeko lehen hiru sailkatuei.

Lasterketaren dortsalei esker bildutako dirua Retina Gipuzkoa Begisare elkartea laguntzeko bideratuko dute, eta bereziki, erretinosi pigmentarioagatiko itsutasuna ikertzeko. Elkarteko ordezkariek azaldu dutenez, herritarren %2ak pairatzen duen eritasun degeneratiboa da. Eta hiru erretinosi mota eta larritasun maila ezberdinak daude, baina oro har, tunel ikusmena eragiten du, eta ikusmen murriztua.