Luis Marianoko izotz-pista eta Zabaltza plazako Gabonetako Merkatua martxan

Koldo Nausia 2025eko abenduaren 12a

Gaur zabaldu dituzte Zabaltza plazan Irungo 24 komertzio eta artisau bilduko dituzten 18 postuak. Irundarrek zein kanpoko bisitariek Gabonetako erosketak bertan eta hiriko establezimenduetan egin ditzaten programazio oparoa antolatu dute. Eta gaur bertan, azokaz gain, Luis Marianoko eta Sarjia parkeko izotz-pistak eta Antzarango txirrista zabaldu dituzte.

Irunen 38 egunetan zehar banatutako 117 jarduerek osatzen duten gabonetako kanpaina azaroaren 29an hasi bazen ere, argi eta apaingarrien piztearekin batera, gaur 17:00etan Eguberriko Merkatua jarri dute martxan Zabaltza plazan. Udal ordezkariak bertan bisitan izan dira, eta azokak biltzen dituen 18 postuetan barrena ibili dira, eskaintzen dituzten eskulanak, kosmetikoak, bitxiak, ehungintzako produktuak, apaingarriak eta opariak ikusten.

Cristina Laborda Irungo alkateak eta Nuria Alzaga Hiri Bultzada eta Ekonomiaren Sustapeneko ordezkariak Zabaltza plazako Gabonetako azoka inauguratu dute erakusketarien ordezkariekin batera. Aldi berean, azokaz gain, Luis Marianoko eta Sarjia parkeko izotz-pistak eta Antzarango txirrista zabaldu dituzte gaur. Kanpoko bisitariak eta erosle potentzialak erakartzeko erreklamu izan ez ezik, gabonetako kultur eskaintza eta kaleko animazioak irundarrentzat bideratutakoak direla nabarmendu dute udal ordezkariek. 

Nuria Alzagak azaldu duenez, joan den asteburuan (zubian), Irungo hotelen okupazioa %90ekoa izan zen, eta Oiasso Museoa bezalako guneetan bisitari kopuru nabarmena jaso dute. «Gabonetan ere kanpoko bisitariak datozela erakusten digu horrek», aditzera eman du zinegotzi sozialistak, tokiko establezimenduentzako suposatzen duena azpimarratuz «Irun Gabonetan erakargune bat izatea nahi badugu, tokiko merkatari eta ostalarientzako zuzeneko ekarpena egiteko, urteko garairik garrantzitsuena delako beraientzat».

Alde horretatik, Eguberriko Merkatua dendari eta eskulangileentzat erakusleiho bat bada, aurtengoan Aurreratu elkartea, Ondare Kultur Elkartea edo Bidasoa Kirol Elkartearen presentzia nabarmendu nahi izan dituzte. Gainerakoan, merkataritzako eta artisautzako 24 establezimendu egongo dira Gabonetako azokan egun hauetan. Irungo saltokien artean, aipatzekoak dira Nia Floral Art, Calzanor Juncal Aguirre, Panettoneria by Yon Gallardo, K.E. Albistur, Marrubi Goxokiak - El Ojo del Planeswalker, Sugar reposteria, Picking Pack, Sugar eta Kolorhead. Gainera, merchandisinga saltzeko bi postu ere instalatu dira, bat CD Bidasoarena eta bestea Aurreratu eta Ondare Kultur Elkartea kolektiboena.

Artisautzako postuei dagokienez, gehienak Bidasoaldekoak dira, eta gainerakoak Gipuzkoakoak: 4eta2, Jamel, Gure Galtzerdia, Osoki, Amaren creaciones, Ittoiita, Olifer cerámica, Babalore, Petit Meraki, Artkham Creations, Lajtau Crafts, Le Muguet eta Mirimeba design.

Programako jardueren artean daude honako hauek: 21 metroko gabonetako zuhaitzaren argi eta musika ikuskizuna, Pablo Méndez Performancesen Magic Christmas aire-ikuskizuna, Valeria Ros umoristaren bakarrizketak eta, euskaraz, Oihan Vegarenak, kaleko animazio handiagoa, erraldoiak eta buruhandiak nagusi direlarik, San Tomas eguneko azoka, Olentzero eta Mari Domingiren etorrera eta Errege magoen desfilea.