Irunbuseko zerbitzuaren kontratu berria lehiaketara ateratzea ahalbidetuko duen baldintza-plegua onartu du Irungo Udalak. Eta Cristina Laborda alkateak aurreratu duenez, kontratu berriak hainbat hobekuntza ekarriko ditu. Zehazki, lehiaketa hurrengo 20 hilabeterako aterako dute 3,4 milioi eurorengatik. Baita atzerapenez indarrean sartu ere. Izan ere, orain iragarri dituzten hobekuntza gehienak 2023an udalbatzan onartu zituzten, eta 2025 urterako aurreikusiak zituzten. Batetik, L5 linea berria, bestetik L1 linearen maiztasuna hobetzea, eta azkenik, L3 eta L4 lineak ere elektrifikatzearena. Azken kasu honetan hiru autobus berri erosi zituzten, eta prozesu administratiboak amaituta zirkulazioan jarri dituzte aurten.
Haatik, 2023ko udalbatzan onartutako kontratu berriaren esleipenari helegitea aurkeztu zion garraio enpresa batek, eta Eusko Jaurlaritzaren OARC/KEAO bitartekaritza zerbitzuak arrazoi eman zioenez, kontratu berriaren pleguak egokitu behar izan zituzten. Horrek eragin du, L5 linea berriaren abiatzea atzeratu izana, baita L1 linearen zerbitzua indartzea ere.
Linea berria Irunbus osatzeko
Aldiz, oztopo guztiak gaindituta, hiria iparraldetik hegoaldera lotuko duen 5. linea berria sortzea aurreikusten du alkateak 2026an. Erdigunea zeharkatuko du zortzi baten forma duen 5 kilometroko ibilbidea eginez. 'San Juan - Elizatxo - Mendibil - Ficoba' linea 2026an zehar martxan egongo dela hitzeman du Labordak, Irungo Udalak hirian garraio publiko jasangarriaren erabilera sustatzen jarraitzeko apustu garbia eginez. Azaldu duenez, 30 minutuko maiztasuna izango du, eta Mendibil barrena ibili ahal izateko zenbait espaloi egokitzeaz gain, 10 metro luzeko autobus elektriko bat erosia du dagoeneko udalak.

Alkateak argitu duenez, gaur egun udalerrian lan egiten duten Irunbuseko gainerako lau lineek egiten duten ibilbidearen kontrako noranzkoan ibiliko da, hau da, zabalean egingo du ibilbidea, FICOBAko gunea Elizatxo edo Mendibilgo goiko eremuekin lotuz. Fermin Calbeton kalean hasita, linea horrek ia 5 kilometroko ibilbidea egingo du, eta FICOBA azoka-esparrutik Elizatxo auzoko gunerik garaieneraino iritsiko da. Tartean, autobusa hiriko erdigunetik ibiliko da, San Juan plaza eta Colon ibilbidetik igarota, baita Gipuzkoa eta Iparralde hiribideetatik ere. Labordak dioenez, «bereziki garrantzitsua iruditzen zaigu Mendibil auzotik igarotzea, horrela, hor inguruko bizilagunen eskaerari erantzuten baitio Irungo Udalak».
Bestalde, Gautxori zerbitzuaren maiztasuna azkartuko dute kontratu berriarekin. Kasu honetan, Behobia eta Landetxa-Katea auzorantz doazen gaueko lineetan orduko maiztasuna izatetik 30 minutukoa izatera pasako da. Eta argitu dutenez, zerbitzu hori gehienez ere bi hilabeteko epean jarriko dute martxan, kontratua formalizatzen denetik. Modu berean, kontratuari atxikitako ibilgailuekin edo autobusekin eman beharreko zerbitzu bereziak ere sartzen dira kontratuan, hala nola, San Markos eta Santu Guztien egunetako zerbitzu berezia, edota San Martzial egunekoa.
Etengabe bidaiariak batzen