Egun osoko egitaraua prestatu dute Irungo San Tomas eguna ospatzeko

Aitor Errazkin 2025eko abenduaren 19a

San Tomas Eguneko egitaraua aurkeztu dute.Urtero legez, Urdanibia plazan ospatuko dute, eta azoka tradizionala eta sei txosna jarriko dituzte, hauek 10:00etan irekiko dituzte.  Giro ona nagusituko da berriro Urdanibia plazan igandean, San Tomas Eguna dela eta. Gaur aurkeztu dute egun osoko egitaraua, eta ohiko den bezala azoka tradizionalak egunari hasiera emango dio, 9:30ean. Bertako produktuen 22 postu jarriko dituzte, eta horrez gain, animalien erakustaldiak ere izango dira egunean zehar.

San Tomas eguna tradizioaren, gastronomiaren eta dantzaren festa nagusietakoa da Irunen.
Aurten ere, Urdanibia plaza izango da ospakizunen bihotza. Bertako produktuak, giro herrikoia eta kultura uztartuko dira. Egun osorako egitarau anitza prestatu da, adin guztientzat. San Tomas egunean, TRADIZIOA, GASTRONOMIA ETA DANTZA izango dira protagonistak Urdanibia plazan. Ohikoa den bezala, 9:30etik aurrera Azoka tradizionala egingo da, bertako produktuen 22 posturekin eta animalien erakustaldiekin. Fruituak, barazkiak, gaztak eta eskualdeko eztiak izango dira ikusgai, baita lehiaketa klasikoak ere, eguerdian sariak banatuta.

Egun osoan zehar,  musika eta dantza tradizionalez gozatzeko aukera izango da.. Gainera, txosnek giro herrikoia osatuko dute, hainbat elkarte eta kirol talderen eskutik.

Egitaraua borobiltzeko, 21:30etik aurrera, Burrunba Elektrotxarangak festa giroa zabalduko du, San Tomas egunari amaiera alai eta indartsua emanez. Eguraldi txarra eginez gero, jarduerak Uranzuko frontoira lekualdatuko dira, eta aldaketen berri udal kanalen bidez emango da.

EGITARAUA: 

09:30etan: Azoka
11:00etan: Txorimaloak Soinu Taldea
11:30ean: Adaxka Dantza Taldea
12:00etan: Eraiki Dantza Taldea
12:30ean: lehiaketen sari banaketa
13:00etan: Elatzeta Abesbatza
18:30ean: Musika eta Dantza Eskola eta Udal Kontserbatorioa
19:00etan: Auntxa Trikitixa Taldea
19:30ean: Ibarla Meaka Dantza Taldea eta Meaka Euskal Dantza Taldea
20:00etan: Kemen Dantza Taldea