Mugikortasun Jasangarriko ordezkari Sergio Javierrek nabarmendu duenez, «patinete elektrikoa mugikortasun-elementu bat gehiago da hiriaren barruan, jasangarria eta zaratarik sortzen ez duena». Baina pertsonen segurtasuna bermatu beharra dagoela, eta gainerako ibilgailu eta oinezkoekin bizikidetza lortzeko arauak errespetatu behar dituztela gogoratu du.
Herritarren Segurtasuna eta Bizikidetzako ordezkari Iñigo Bergesek argitu duenez, 5/2025 Legeak aldatu egin du ibilgailu motordunen zirkulazioko erantzukizun zibilari eta aseguruei buruzko legeria. Eta aldaketarik nabarmenena izan da aseguru horiek mugikortasun pertsonaleko ibilgailu elektrikoetara (MPI) zabaltzea. Gainera, Ibilgailu Pertsonal Arinen (HPS) legezko kategoria sortu dute, fabrikazioko gehieneko abiadura 25 km/h-koa (25 kg baino gutxiago pisatzen badute) edo 14 km/h-koa (25 kg baino gehiago pisatzen badute) izan dezaketen motor elektrikoa duten plaza bakarreko ibilgailuentzat.
Gainera, mugikortasun pertsonaleko ibilgailu elektrikoak Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak (DGT) kudeatutako erregistro publiko berri batean erregistratu beharko dira, zirkulazio ziurtagiria (homologazioa) lortu beharko dute eta identifikazio etiketa edo plaka ikusgarri bat eraman beharko dute. Zirkulazio ziurtagiria eta etiketa edo plaka ikusgarririk ez dutenek 2027ko urtarrilaren 22ra arte bakarrik zirkulatu ahal izango dute; une horretatik aurrera, patinete elektriko homologatuek bakarrik zirkulatu ahal izango dute.
Horrela, urtarrilaren 26tik aurrera, orain arte ibilgailu motorduntzat hartzen ez ziren ibilgailu guztiek (25 km/h-tik gora egiten dutenek edo 25 kg baino gehiago pisatzen dutenek eta 14 km/h-ra iristen direnek) erantzukizun zibileko aseguru bat izan beharko dute indarrean zirkulatu ahal izateko, autoaren edo motorraren nahitaezko aseguruaren antzekoa, baina estaldura egokituekin. Aseguru hori ez edukitzeak ibilgailua ibilgetzea ekarriko du.
Arau aldaketa garrantzitsu hori patinete elektrikoen erabiltzaileen artean ezagutarazteko, informazioa emateko diptiko bat banatu da Irungo Bigarren Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Batxilergoko hainbat ikastetxetan. Gainera, Udaltzaingoko agente laguntzaileak ere diptiko horiek banatzen ari dira hirian patinete elektrikoekin zirkulatzen duten pertsonen artean. Arau aldaketez gain, diptiko honetan gogorarazten da debekatuta dagoela espaloietan eta oinezkoen guneetan zirkulatzea, eta pertsona bakarrak erabiltzeko direla. Era berean gogorarazten da patinete elektrikoak zer elementu eduki behar dituen nahitaez (frenoak, txirrina eta, gauez, argiak eta islatzaileak), debekatuta dagoela aurikularrak eta mugikorra erabiltzea zirkulatzean, eta kaskoa eramatea gomendatzen dela ibilgailu horien istripu tasa handia dela eta.