Cristina Laborda: «2026a konplexua izango da, baina etorkizuneko Irun eraldatzeko proiektuen urtea izango da»

Koldo Nausia 2025eko abenduaren 30a

Alkateak etxebizitza politikan «aurrekaririk gabeko jauzia» iragarri du 2026an, prezioak mugatzeko neurriekin eta babes ofizialeko eskaintza bikoiztuko duten proiektuen abiatzearekin. Hiriaren eraldaketarako urte erabakigarria izango delakoan dago: Via Irun garatzeko HAPOaren aldaketa, Hegoaldeko Saihesbidea osatzeko obren abiatzea, Belartzako aparkalekuaren obra amaiera, Isuri Apaleko Eremua (ZBE) garatzeko udal ordenantzaren onarpena, posizionamendu turistikoan sakontzeko Irugurutzetako labeetako proiektua edota hiri-segurtasuna indartzeko neurriak iragarri ditu besteak beste.

2026a «aukera handiko urtea» izango dela azpimarratu du Cristina Laborda alkateak Irungo Udalak eskuartean dituen ardatz eta proiektu estrategiko nagusiak zerrendatzerakoan. Alde horretatik, etxebizitza, segurtasuna eta enplegua lehentasunetan ematen ditu alkateak, eta «azken urtetan landutakoak gauzatzea ez ezik, proiektu berriak bultzatzeko urtea» izango dela iragarri du. Udal gobernua ikuspegi global batetik lanean ari dela argitu du, eta horretan, bide-orria Irun 2040 Plan Estrategikoa dela, eta giltzarri izango dela deritzo, «hiriaren izaera berezian oinarrituta, baina etorkizuneko beharrei erantzuteko lan egin behar delako, Irun bizitzeko eta lan egiteko hiria izan dadin lortzeko». 
 
Zentzu horretan, Irungo kokapen geografiko estrategikoa, biztanleriaren hazkuntza etengabea eta horrek suposatzen dituen zerbitzu eta beharrak, eta hiriak duen eraldatzeko gaitasuna kontuan hartuta, gainerako erakundeei tamainako ahalegina eta lankidetza eskatu die enegarren aldiz, Irun bezalako hiri batek planteatzen dituen proiektu eta beharretan aktiboki inplika daitezen. Izan ere, urte hasieran PSE-EAJ udal gobernu akordioa «proiektu estrategikoak desblokeatzeko akordioa» gisa aurkeztu zuten arren, gobernu koalizio berberak agintzen dituen Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren menpeko proiektuak aurrera ateratzeko abiadura motelegia dela kexu da alkatea. Hala ere, aurten Via Irun proiektuaren baitan edota Hegoaldeko Saihesbidearen bigarren fasea osatzeko akordio garrantzitsuak lortu dituztela aitortu du Cristina Labordak. Baina bere ustez, Irungo hiritarrek «arreta handiagoa merezi dute beste administrazio batzuen aldetik, eta EAEko beste hiriburuen maila berean egon beharko luke, logikagatik eta lurraldearen orekari erreparatuz».
 
Alde horretatik, 2026 urte honetan Osasun Sailak Irunekin duen zorra kitatzeko urtea izan dadin espero duela aditzera eman du, Oinaurreko anbulatorioaren proiektuarekin ez ezik, Larrialdi Pediatrikoak ospitalean berreskuratzeko ere. Alkateak dioenez, «irundarren artean oihartzun eta kezka gehien eragin duen» gabezia baita osasun zerbitzu publikoaren okertzea, eta pediatria larrialdiak apirilean kendu ondoren Eusko Jaurlaritzak hitzemandako lehen arretaren hobekuntza ez dela gauzatu gogoratu du. Osasunari dagokionez, Labordaren hitzetan «Irunek ezin du gehiago itxaron». 
 
Etxebizitzan aurrekaririk gabeko jauzia
 
Datorren urtera begira lehentasunak finkatzerako garaian, aldiz, Cristina Labordak argi utzi du, 2025ean Irun Gune Tenkatua izendatu ondoren, hiriak bizi duen etxebizitza larrialdiari erantzuteko lehen neurriak ikusi ahal izango ditugula martxan jartzen 2026an. Alkateak argitu duenez, Irun Gune Tentsionatu izendatzeak, bide berriak irekiko ditu etxebizitzarako sarbidea errazteko, eta prezioen garestitzeari neurria hartzeko. «Etxebizitza politikak aurrekaririk gabeko bultzada izango du 2026an», iragarri du, bereziki, San Miguel-Anakako obren hasiera mugarria izango baita. Bertan, babes ofizialeko 887 etxebizitza eraikitzeko lehen urratsa izango bada, «datozen urteetan hirian dagoen etxebizitza publikoaren eskaintza bikoiztea ekarriko du». 
 
Bestalde, Alberto Larzabalen gazteentzako 43 zuzkidura-bizitoki emango dira, Mendipen alokairu erregimeneko babes ofizialeko etxebizitzen sustapenaren aurrerapena egingo da, eta Korrokoitzen hirigintza garapena hasiko da Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Bertan eraikiko dituzten bizitoki gehienak pribatuak izango badira ere, sustatutako etxebizitza publikoa ere barne hartuko baitu Eusko Jaurlaritzak sustatuta. «Irunen bizi proiektua garatzen jarraitu nahi duenak posible izatea bermatu nahi dugu, etorkizuna planifikatzeko ezinbestekoa baita etxebizitza», adierazi du Cristina Labordak.
 
Segurtasuna eta bizikidetza helburu
 
Era berean, «alkate gisa lehentasun handienetako bat» hiri-segurtasuna dela aitortu du. Eta aurten emaitza baikorrak eman dituen Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko lankidetzan sakontzen jarraitzeaz gain, 2026an Segurtasunaren eta Bizikidetzaren Itunean jasotako neurriak garatzen jarraituko dutela iragarri du. Hasierako diagnostiko batean oinarrituta egindako plangintza espezifiko bat dute, eta jarduera horiei neurri zehatz berriak gehituko zaizkiela aditzera eman du, urte berrian argitaratuko den dokumentu batean jasoko direnak.
 
Bestalde, Udaltzaingoaren plantilla handituko dute, kalean agente gehiago egon daitezen, patruilen zereginean lagunduko duten auxiliarrekin ere kontatzen jarraituko dute, eta baliabide material gehiago jarriko direla iragarri du, hiriko puntu gehiagotan bideozaintza kamera berriak instalatuz.
 
Eraldaketarako prest dagoen hiria
 
2026a Irun hiriaren transformazioa sustatzeko inflexio puntu bat izango dela pentsatzen du alkateak, «urte erabakigarria izango baita, eta proiektu estrategikoak eta funtsezko erabakiak aktibatuko dira egungo erronka nagusiei erantzuteko». Aipatutako ardatz nagusiez eta eguneroko zerbitzu eta beharrei erantzuteaz harago, «urte erabakigarria izango baita, eta proiektu estrategikoak eta funtsezko erabakiak aktibatuko dira egungo erronka nagusiei erantzuteko». Horien artean, Via Irun garatzea ahalbidetuko duen Hirigintza Antolamendu Plan Orokorraren (HAPO) aldaketaren hasierako onarpena nabarmendu du. Aldaketa horrek erakusketa publiko parte-hartzailea ekarriko du 2026an. Eta horri lotuta, data zehatzik eman gabe, baina tren geltoki intermodal berriaren irekieraren urtea izango dela gogoratzeaz gain, Aduana eraikina lehengoratzeko obrak eta ETSko (Euskotren) trenbideen integrazioaren urtea izango dela azpimarratu du. 
 
Proiektu hauen garapenak hirigintza aldetik eraldaketa ekarriko badute, mugikortasuna ere ardatz duten Hegoaldeko Ingurabidearen Azken Portuko biribilgunearen lanak edota Irunbuseko 5. linearen martxan jartzea iragarri ditu 2026 honetarako. Baita Isuri Apaleko Eremua (ZBE) garatzeko udal ordenantzaren onarpena ere. Azken honen kasuan, alegazio asko jaso dituztela oroitarazi du Cristina Labordak, eta Europatik eta Espainiako Gobernutik agindutako epeak betetzeko atzerapen handia darama Irungo Udalak. Baina II. Mugikortasun Plana (PMUS) eta ZBE eremuaren pleguak aurrera ateratzerako garaian abantailak ikusten ditu. «Indarrean ezarri duten beste hirietan egin behar izan dituzten moldaketen esperientzia dugu, eta Irunen ZBE aplikatu orduko berme gehiagorekin egingo dugu», argitu du.
 
Bestalde, Belartzako lurpeko aparkalekuko lanak amaituko diren urtea izango da 2026a. Eta 169 plaza berriekin batera, «Artia auzoak beharrezkoa duen aisialdirako eta kiroletarako guneak ere» garatu ahal izango dira, auzoan espazio berriak irabaziz.
 
Proiektu estrategiko gehiago zerrendatu ditu alkateak urte berrian bultzatu beharrekoak. Batetik, Ficobako IAM pabiloia, eta bestetik Plaiaundiko kirolgunea Txenpereneara lekuz aldatzearena. Bietan gainerako erakundeen «lankidetza eta gihar ekonomikoa» beharrezkoa dela azaldu du Cristina Labordak. IAM pabiloiaren kasuan, ez dituzte aurreikusitako epeak beteko, eta beraz, 2029an Irunen ospatu beharko litzatekeen Munduko Emakumezkoen Eskubaloi Txapelketarako nekez egongo da prest. Baina «ez nuke ulertuko Irunek eta Bidasoa bezalako talde batek merezi duen kirol instalazioa ez lortzea», aitortu du alkateak, hala edo nola proiektuak aurrera egingo duela nabarmenduz. 
 
Txenpereneako proiektuaren garapena, aldiz, aurreratuagoa dago. Eremua urbanizatzeko proiektuaren erredakzioa lehiaketara atera berri du Irungo Udalak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin akordioa lortu beharko dutela azaldu du alkateak, inbertsioaren %50a aldundiak ekarri behar baitu.
 
Bultzada ekonomikoa eta gizarte-kohesioa
 
Aipatutako proiektu estrategikoez gain, ekimen, programa, plan eta eginbeharren zerrenda luzea egin du Cristina Laborda alkateak 2026an gauzatzeko asmotan. Arlo ekonomikoan, Oiasso Museoaren inoizko bisitari markarik onena (40.000 baino gehiago) ekarri duen terma erromatarren irekieraren urtearen ondotik «posizionamendu turistikoan» sakontzeko lanetan jarraituko du Irungo Udalak. Alde horretatik, Irugurutzetako labeetako proiektuaren lanak amaituko dituzte 2026an, eta tren berde elektriko berria ere martxan jarriko dute. Eta ekitaldi handien agendan, maiatzean Irunen ospatuko den 2.500 parte-hartzaile bilduko dituen Europako OCR Txapelketa nabarmendu du alkateak. 
 
Merkataritza suspertzeko eta babesteko hainbat neurri aurreikusten ditu alkateak ere. Hala Irun Ekintzanetik, nola Bidasoa Bizirik erakundearekin lankidetzan, ekintzailetza eta negozio berriak babesten dituzten programak bultzatuko dituzte. Eta Irungo Udalak, urtean zehar, merkataritzarekin topaketak egiten jarraituko du Commerce Lab laborategitik, eta prestakuntza saio gehiago antolatuko dituzte. lldo horretan, K-Biziak laguntzak zabalduko dituzte establezimenduentzat, bai alokairurako, bai lokalak birgaitzeko ere. 
 
Bestalde, herritarren beharrak asetzeko, zerbitzu sozialak hobetzeko eta herritarren eskubideak bermatzeko hainbat egitasmo aurreratu ditu 2026ko udalaren plangintzan. Labordak iragarri duenez, Osasun Mentalerako Prebentzio programa berritzaile bat abian jarriko du Irungo Udalak hiriko ikastetxeetan. Eta adineko pertsonen autonomia laguntzeko Irun Lagunkoia programa edota Elitxu auzoan ateak zabalduko dituen hiriko bederatzigarren adinekoen lokala aipatu ditu. Era berean, V. Udal Berdintasun Plana onartzea eta AROA (2025-2029) Euskara Plan Estrategiko berria garatzea ditu udal gobernuak egitekoen artean.