AEBek Venezuelan egindako "eraso inperialista kriminala" salatu dute Irunen

Koldo Nausia 2026ko urtarrilaren 3a

"Erresistentzia internazionalista bizkortzeko eta sendotzeko" garaia dela aldarrikatu dute, eta Venezuelako herritarrak babesteaz gain, "inperialismoari aurre egiteko herri zapalduen eta munduko ezkerraren mobilizazioa funtsezkoa" dela gogoratu dute.

"Inperio yankeearen gerla zoroari ez! Bakeari bai!" lelopean ehun lagun inguru bildu dira gaur Irungo Urdanibia plazan AEBek Venezuelaren aurka egindako "eraso inperialista" salatzeko. Bertan irakurritako manifestuan "Venezuelako errepublika bolibartarraren aurkako eraso inperialista kriminala eta bonbardaketa, Venezuelako herriaren subiranotasuna, bakea eta bizitza erasotzen dituen gerra ekintza" irmoki gaitzetsi dute. Eta herriarekin eta "demokrazia komunala eraikitzeko proiektu historikoa" babesteaz gain, azken gertakarien aurrean munduan zabaltzen ari den elkartasunarekin bat egin dute. 
 
"Haien erresistentzia gurea ere bada", aldarrikatu dute, "erresistentzia guztien artikulazio internazionalista bizkortzeko eta sendotzeko garaia" dela nabarmenduz. Alde horretatik, "herri mugimendu, nekazari, sindikatu, indigena, herri zapaldu eta munduko ezkerraren mobilizazioa funtsezkoa" dela gogoratu dute, eta herri eta eskualde bakoitzean egingo diren mobilizazioetara gehitzeko deia luzatu dute. 
 
Erasoaren arrazoiak
 
Alde horretatik, AEBEk egindako erasoa Caracas hiriburua bonbardatuz, Nicolas Maduro presidentea eta Cilia Flores bere emaztea bahitu zituzten, eta orain New Yorken preso dira. Donald Trump Estatu Batuetako presidenteak justifikatu du erasoa narkoterrorismoa Madurori leporaturik.

Delcy Rodriguez presidenteordeak Venezuelako Auzitegi Gorenaren manua ukan du herrialdeko presidente ardura bere gain hartzeko nazioaren defentsa osoa eta jarraipen administratiboa bermatzeko. Venezuela gidatuko duen lehen emazte presidentea izango litzateke, kargu horretan aitzina eginez gero. 2025eko azaroan Venezuelan egon zen herri kontsulta bat segitzen Iker Eizagirre, mugimendu internazionalista bateko kidea, eta gure gonbita izan da astelehen honetan Goizberrin