Irungo Udaleko Gobernu Irekia eta Herritarrentzako Arreta arloak jakinarazi duenez, datozen egunetan, urtarrilaren 8tik 12ra bitartean, telefono bidezko inkesta bat egingo dute Irungo herritarren artean, udalak Gabonetako kanpainan antolatutako jarduera-programari buruz duen gogobetetze-maila ezagutzeko. Joan den urtean jada halako galdetegi bat egin zuten lehen aldiz, eta bertatik jasotako erantzunei erantzunez, aurten antolatutako ekintza zenbaitzuk eta kaleko argiteria auzoetara zabaltzeko erabakia hartu zuten. Izan ere, 2023an Eguberriko kanpainarekin antolatutako ekintzetan 20.000 lagunek parte hartu zutela zenbatu zuten, baina kultur hitzordu, kaleko jarduera eta ekimenen balorazio kualitatiboa bilatzen hasi zen iaz Irungo Udalak.
Alde horretatik, aurten 117 ekintza eta jarduera antolatu dituzte Gabonetako kanpaina kultural eta komertzialaren baitan, eta orain artean balorazio baikorra izan duten ekimenak mantentzeaz gain, «urtero urrats bat gehiago emateko beharra», azpimarratu du Nuria Alzagak, Hiri Bultzadarako ordezkariak. Hortaz, udalak egin ditzakeen balorazio kualitatiboetatik haratago, herritarren balorazioa bilatu nahi dute aurten ere.

Horretarako, Irungo Udalak telefono bidezko zundaketa egingo du Irunen bizi diren 18 urtetik gorako 400 pertsonari. Galdetegian honako galdera hauek egingo direla iragarri dute: jardueretan parte hartzea; Gabonetako argiztapenari eta dekorazioari buruzko iritzia; hiriko mugikortasuna eta trafiko mozketen eragina, eta etorkizuneko edizioetan programa hobetzeko proposamenak.
Eragin ekonomikoa aztertzeko inkesta
Bestalde, Irungo Udala Gabonetako kanpainak hirian izan duen eragin ekonomikoa aztertzen ari da berariazko azterlan baten bidez. Horri esker, antolatutako ekitaldien benetako irismena ezagutu ahal izango da datu objektiboekin. Argitu dutenez, analisiak Irungo Udalak Gabonetako kanpainan egindako inbertsio zuzena hartuko du abiapuntutzat, ahalegin ekonomiko horrek tokiko jardueran, bereziki merkataritzan, ostalaritzan eta turismoari lotutako zerbitzuetan, nola eragiten duen ebaluatzeko.
Horretarako, 390 pertsona ingururi aurrez aurreko inkesta bat egingo zaie kanpainaren eragin-eremu nagusietan, hala nola Gabonetako merkatuan eta merkataritza zein ostalaritza establezimenduetan. Zehazki, hiriko gune estrategikoenetan egingo dira, hala nola Sargia parkean, Antzaran plazan, Zabaltza plazan, Pio XII. plazan, San Juan plazan eta Luis Mariano inguruetan. Datuak biltzeko inkesta honen kasuan, iazko gabonetan egindako inkestaren hirukoitza dela nabarmendu du udalak.
Galdetegi honen kasuan, gastu-maila, bisiten maiztasuna, kontsumoaren denbora-banaketa, inpaktu ekonomiko eta sozialen pertzepzioa, eta Gabonetako kanpainak eragin dituen ohitura aldaketak neurtu nahi ditu. Era berean, azterlan honek kanpainak erakarritako bisitariei buruzko informazioa biltzeko helburua du, bisitarien jatorria eta helmuga, bisitaren arrazoia, joan-etorriak egiteko modua eta Gabonetako jardueretan duten parte-hartzea ezagutzeko, besteak beste.