Behiak hunkitzen dituen dermatosi nodularrari aurre egiteko Frantziako Gobernuak hartutako neurrien kontra, Ipar Euskal Herriko laborariek autobideak blokeatuz abenduan egindako mobilizazio nabarmenen ondotik, Hego Euskal Herriko abeltzainak urtarrilaren 15ean manifestatuko dira, ENBAk, EHNEk eta Nafarroako Abeltzain Elkarteak deituta. Irungo Behobian (Zaisan) hitzartu dira.
Gogoan hartu behar da, Frantzian 117 behi kutsatu atzeman direla orain artean, eta 1.500 eta 3.000 behi inguru hil behar izan dituztela. Eta mobilizazioekin jarraitzen dutela egunotan, abeltzainak Parisera eraman dituztelarik euren mobilizazioak.
Hartara, abelburuen osasuna jokoan dagoen garai honetan, Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Nafarroako abeltzainek kezka larria adierazi dute dermatosi nodularraren ondorioekin. Euren ustiakuntzek jasan ditzaketen kalteak direla eta, eta eritasun honen hedapena saihesteko, ustiapenak bere osotasunean txertoak jartzea eskatzen dute. Gipuzkoak asteazken honetan (urtarrilak 7) abiatu du 44.000 abere dermatosi nodular kutsakorraren aurka txertatzeko prozesua abiatu du. Bitartean, euskal erakundeetatik Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Ministerioari presioa ematen jarraitzen zaio txertaketa hori Araba eta Bizkaian ere zabaltzeko.
Oraingoz, aldiz, Madrilgo gobernuak Gipuzkoan bakarrik onartu du txertaketa, gaixotasunaren eremuetatik gertu daudelako. Hain justu, Frantziako estatuan gertatzen ari direnak kontuan hartuta, mugatik oso gertu. Erabaki horrekin ez datoz bat Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiak, txertaketa prebentiboa lurralde osoan hedatzea nahi baitute.
Gipuzkoan, une honetan, abenduaren 26tik, animaliekin egiten diren azoka eta ekitaldiak debekatuta daude Euskadin, kutsatzeak minimizatzeko asmoz. Joan den urriaren 24tik azaroaren 30era bitartean ere bertan behera utzi zituzten azoka baimenak gaixotasun beragatik. Eta oraingo debekua otsailaren 26ra arte egongo da indarrean gutxienez, eta gaixotasunaren bilakaeraren arabera luza daitekeela iragarri dute agintariek.
Era berean, abeltzainen sindikatuek kontrol zorrotzagoak eskatzen dituzte. Alde horretatik, dermatosis nodularra A mailako gaixotasun larria dela oroitarazten dute, eta kasu bat antzematen denean, abeltzaina behi guztiak akabatzera behartuta dago. Horregatik, abeltzaintzara zuzendutako dirulaguntzak eskatzen dituzte, huste egoeratan abeltzainek laguntza izan dezaten.
Honen aurrean, Europar Batasuneko Kontseiluak neurri zorrotzagoak har ditzan eskatzen dute, baita aldi baterako Frantziako abereen sartzea debekatu ere. Manifestaziora deitzeko bigarren arrazoi nagusia Europar Batasunak eta Mercosurrek sinatuko duten ituna izan da.