Irungo Udaleko Hiri Bultzada eta Ekonomia Sustatzeko arloak tokiko ostalaritza eta merkataritzan kontsumoa suspertzeko estrategiaren barruan, Telpark enpresarekin MULTIPASS bonuaren eskaintza proposatu du laugarrenez. 2024ko irailean egin zuten aurreneko saiakera, eta 2025eko neguko merkealdietan halako 1.100 bonu saldu zituztela ikusirik, Telpark enpresak eta udalak indarrak batu dituzte berriro ere.
Hiriko salmentak eta bisitak areagotzeko neurri aproposa delakoan dago udala. Eta oraingoan, urte amaiera arteko kanpaina abian jarriko dute, hiri erdian aparkatzea errazte aldera.
Erabiltzaileek 12 orduz aparkatu ahal izango dute, 1,69 eurotik, 2,99 eurotik edo 3,39 eurotik aurrera, Colon pasealekuko, Mendibil merkataritza-guneko eta San Juan plazako aparkalekuetan, ordutegi-tarterik eta egun-murrizketarik gabe. Argitu dutenez, ohiko tarifarekin alderatuta %70 merkeago aparkatzea suposatuko du.
Ekintza honen bitartez, gainera, abenduaren 31ra arte Colon pasealekuko eta San Juan plazako aparkalekuetan ibilgailu elektrikoak kargatzeko %30eko deskontua jasoko dute.