Azken urteetako inauteri goiztiarrenetakoak ospatuko ditugu aurten, eta Eraiki dantza taldea Iñudeen eta Artzainen konpartsa prestatzeko lanetan hasi da dagoeneko. Kaldereroek inauteriak iragarriko dituzten larunbataren ondoko igandean ospatuko dute beti bezala, aurten otsailaren 8an, inauterien aurreko igandean. Hartara, desfilearen nondik norakoak zehazteko asmoz, taldeak bilera irekia deitu du urtarrilaren 11ean, igandean, Behobiko auzo elkartean eguerdiko 12:00etan. Bertan, dantzariek Eraiki taldeak antolatutako ekitaldian izena emateko aukera izango dute, eta konpartsa osatzen duten pertsonaiak banatuko dituzte.
Urtero bezala, Santiago kaletik abiatuko da konpartsa eta Irungo erdigunea zeharkatuko du desfileak, San Juan plaza eta Zabaltza plazan geldialdiak eginez, eta adin guztietako dantzariek parte hartu ahalko dute. Eraiki dantza taldeak oroitarazi duenez, iñudeak eta artzainak ez dira desfileko pertsonai bakarrak izango. Izan ere, medikuak, erizainak, apaizak, alkatea, baserritarrak eta XX. mende hasieran giroturiko bestelako pertsonaia osagarriak ere ezinbestekoak dira konpartsa osatzeko. Eta irundar orori animatzeko deialdia luzatu diote. Alde horretatik, urtarrilaren 11n egingo duten bileran konpartsan izena emateko epea irekiko dute, eta inskripzioa desfilean parte hartzeko interesa duten pertsona ororentzat zabalik egongo da, bai pertsonaia zein dantzari gisa ere.
Usadio handiko ekimena
Irungo inauterietako hitzordu berezia da Eraiki dantza taldeak antolatzen duena, tradizio handikoa, eta oinarri historiko bat duena. Izan ere, garai batean artzainak menditik herrira itzultzen zireneko garaiak oroitarazten ditu ospakizun honek, eta diotenez, hiriko familia aberatsetako seme-alaben txertatze garaia izaten zen hura ere. Aspaldian ospatu izan bada ere, 1912. urtean desagertu egin zen Pio X. aitasainduak Kandelaria eguna, orduarte jaieguna zena, lanegun izendatu zuelako. Irunen, aldiz, 70. hamarkadan berreskuratu zuen Irungo Atsegiña elkarteak. Eta ia mende laurden darama Eraiki Dantza taldeak haien lekukoa hartu zuenetik.
Gure eskualdean, Bortzirietan ere usadio handiko ospakizuna dute Beran, Gure Txokoa elkarteak antolatuta.