Harrobian eta klubaren kudeaketan eragingo duen «sustrai sakoneko» hitzarmena izenpetu dute Txingudi Rugby eta Donibane Lohizuneko Olympique klubek

Antxeta Irratia 2026ko urtarrilaren 12a

Txingudi Rugby Klubak azken urteetan Ipar Euskal Herriko klubekin harreman estuak mantendu ditu, jokalari, entrenatzaile, formakuntza eta bestelako hartu-emanetan. Orain, Donibane Lohizuneko taldearekin, klub profesional baten funtzionamenduaz jabetzeko aukera emateaz gain, errugbiaz harago joan nahi dute. Klubeko ordezkariek aditzera eman dutenez, «errugbia euskararen erabilera eta bi hirietako gazteen arteko harreman iraunkorrak eraikitzeko tresna» izan dadin bilatzen dute.

 

Atzo Donibaneko SJLO eta Stade Langonnais taldeen arteko partida berezia izan zen. Jardunaldiaren atarikoan, Donibaneko taldeak Irun Txingudi Rugby klubarekin lankidetza hitzarmena izenpetu baitzuen. Hitzarmenaren helburu nagusia bi kluben eta bi hirien artean harremanak estutzea da, errugbiaz harago. Hezkuntza eta kulturan oinarritutako lankidetza egituratu nahi dute, eta errugbia euskararen erabilera eta bi hirietako gazteen arteko harreman iraunkorrak eraikitzeko tresna izan dadin.

Klubeko ordezkariek aitortzen dutenez, «azken urteetan Iparraldeko klubekin harremana handia izan du» Txingudiko klubak, izan Hendaiako Stade Hendayais zein Sarako Izarrak taldean jokalariak partekatuz. Eta oraingo honetan, urrats bat gehiago emango dute lankidetza hori estutzen. «Ez da arraroa guretzako Iparraldeko talde, teknikari eta jokalariekin harremana, eta klubaren historian ohikoa izan dugu hartu eman hori, edo beste taldeekin egindako topaketak», dio Iñigo Camarero klubeko ordezkariak. 

Hala ere, Donibane Lohizuneko klubarekin izenpetutako akordio hau, «urteetan izan duten sendoena eta egonkorrena eta harrobian sustrai sakonak dituen proiektua» dela aitortu du. Alde horretatik, azken urteetako elkarlana ofizializatu dute, eta aukera handiak eskainiko dizkiela nabarmendu dute, formakuntzaren aldetik, eta klubaren kudeaketaren arlotik ere, klub profesional baten egituraz ikasteko aukera emanez.

Era berean, errubiaren ingurumarian sortzen den komunitatea landu nahi dute. Izan ere, bi kluben, bi hirien, eta lurralde beraren bi aldeetan kirola, hezkuntza eta kulturan oinarritutako lankidetza egituratzea da haien helburuen artean. Kirolaz haratago doan hitzarmena dela nabarmendu baitute, gazteengan jarrera komuna piztea du helburu, errugbia, euskararen erabilera eta bi hirietako gazteen arteko harreman iraunkorrak eraikitzeko tresna izan dadin.