Miren Martin irundarra Euskadiko Kross Txapelduna, Realarekin fitxatu eta bere estreinekoan

Antxeta Irratia 2026ko urtarrilaren 12a

Bidasoa Atletiko Taldeko (BAT) harrobiko korrikalariak Donostiako Real Sociedad Atletismo taldearekin fitxatu berri du Sprint Leon taldean zazpi urte eman ondoren. Eta Euskadiko Txapelketan nagusituz egin du bere estreinekoa txuri-urdinez jantzita. BATeko beste korrikalari batzuk ere, emaitza nabarmenak lortu dituzte Ortuellako Euskadiko Txapelketan: Naia Piquer Euskadiko txapeldunorde izan da 18 urtez azpikoetan, eta Julen Mendoza (SUB20) podiumera hirugarren postuan igo den bitartean, kategoria absolutoan bosgarren egin du Ander Aramendiak.

Miren Martin Aramburu korrikalari irundarrak ezinhobe ekin dio Donostiako Real Sociedad Atletismo klubarekin bere ibilbide berriari. Euskadiko Txapelduna izendatu zen atzo Ortuellan (Bizkaia) jokatutako Euskadiko Kross Txapelketan. Joan den azaroan Sprint Leon klubarekin Atapuercan Taldekako Proba Mixtoan (bina emakume eta gizonezko taldea) Espainiako txapeldunorde izan eta gero, atzo erraz nagusitu zen Euskadiko Txapelketa absolutoan.

Forman dagoela erakutsi du irundarrak. Izan ere, Atapuercan eskuratu zuen Espainiako zilarrezko dominaren kasuan, 1.500 metroko lekukoa lehen postuan amaitu zuen bitartean, Ortuellan 7 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuen erabat lokaztutako zirkuito malkartsu batean.

Oroitarazi beharra dago, Sprint Leon taldearekin martxoan ospatuko den Europako Txapelketara Gaztela Leongo klubaren historian froga honetan aurreneko sailkapena eskuratu zuela. Haatik, Martin Aramburu irundarrak ez du Europako Txapelketa horretan parte hartuko, 2026 hasiera honetan klubez aldatu duelako. Bidasoa Atletiko Taldeko harrobiko korrikalariak Donostiako Realarekin fitxatu berri du, eta zazpi urtez Sprint Leon taldean aritu eta gero, txuri-urdinez korritzen zuen aurreneko lasterketa zen atzokoa, Ortuellan.

Estreinaldi ezinhobea izan du 26 urteko irundarrak. Martin Aramburuk berak aitortu duenez, «ilusio berezia» zuen estreinekoan, eta Bidasoa Atletiko Taldearekin Kadete mailan irabazi zuenetik ez zuen Euskadiko Txapelketan berriz urrea dastatu.

BATeko korrikalarien emaitza nabarmenak

Bestalde, atzo Ortuellan beste zenbait bidasotarrek ere emaitza aipagarriak lortu zituzten. Bidasoa Atletiko Taldeko Ander Aramendia, gizonezko kategoria absolutoan bosgarren sailkatu den bitartean, 20 urtez azpikoetan, Julen Mendozak hirugarren egin zuen. Era berean, podiumera igo zen ere Naia Piquer gaztea, emakuzmekoen 18 urtez azpikoen kategorian, Euskadiko txapeldunorde. Era berean, 18 urtez azpikoetan eta 16 urtez azpikoetan, bosgarren amaitu zuten Urko Ibarguen eta Adur Errazkinek, hurrenez hurren.