Blues-rock doinuak entzuten ahalko dira Irunen larunbatean

Aimar Lopez 2026ko urtarrilaren 14a

Senpere eta Donostiatik, JAC Electric eta Höpper taldeen kontzertuak izanen dira larunbatean Irun Zuzenean aretoan.

Eguberriko programazioa gibelean utzirik, kultura denboraldiak aitzina jarraitzen du Irunen, eta larunbat honetan blues eta rock alternatibo doinuz beteko da CBAko Irun Zuzenean aretoa. JAC Electric eta Höpper taldeen kontzertuak izanen dira, eta lehenak, JAC Electricek, iaz sorturiko Now lehen diska aurkezteko aukera izanen du.

Hendaia, Senpere eta Landesen artean aritzen den taldekideekin izan gara errepika batean. Iban Larreboure senpertarra bateria jolea da, eta azaldu digunez, lehen diskoaren sorkuntza prozesua 2019tik egindako kontzertuek elikatu dute. Hala, albumean bertsioak nahiz konposizio originalak atzeman daitezke; bertsio gehienak blues estilokoak dira, eta konposizioetan berriz bluesaz gain, popa eta rocka ere entzun daiteke.

JACek, Louisek eta Ibanek osatzen dute egun JAC Electric taldea, Hendaia, Senpere eta Landesetatik heldu diren musikariek. Larunbat honetan, Irunen elkartuko dira, 21:00tatik landa Irungo CBAn entzuten ahalko dira JAC Electric eta Hopper taldeak. Sarrerak sarean eros daitezke bost euro pasatxoan.